Duela urtebete inguru, iazko San Telmo jaiak amaitu eta hurrengo egunean, Euskadi Irratiko norbait nuen telefonoz deika. Aurretik ere deitu izan naute guk elkarrizketatutako norbaiten kontaktua eskatzeko, eta pentsatu nuen huraxe izango zela deiaren asmoa. Bada, oker nengoen: protagonista ni nintzela esan zidaten. Asteburu hartan zumaiaguka.eus webgunean argitaratutako albiste guztiak, bat izan ezik, nik sinatutakoak zirela-eta elkarrizketatu nahi ninduten. Saiatu nintzen txotxolokeria hura haien burutik kentzen; eduki hura guztia nik sinatu banuen guardian egon nintzelako zela esan nien. Ez nuen konbentzitzerik lortu, eta han elkarrizketatu zuten nekeak eta ajeak kaltetutako gizagaixo hura. Zuzenean izan zen, gainera, eta galdera bakarra dut gogoan: "Festetan lana izanda, zure lagunak tabernara joaten direnean, zer pentsatzen duzu zuk?". Azkar asko erantzun nien: "Pentsatu? Ezer ere ez, beraiekin joaten naiz hurrengo garagardoa hartzera".
Izan ere, ofizio hau lanbide dudanetik, urruneko 1999ko abuztu hartatik, alegia, esango nuke santelmo guztietan egin dudala lan, pandemia garaiko urtean izan ezik. Lankide batzuek nahiago izaten dute txanda aldatzea festa giroaz gozatu ahal izateko. Ez da nire kasua; esango nuke ondo uztartzen ditudala lana eta jaia. Noski, badaude gorputza eta, gehienbat, burua martxan jartzeko espidifen dosi bikoitza beharrezkoa den egunak; edukiak idazterakoan teklatua bere kasa mugitzen den une bat edo beste ere bai; baina eguzkitako betaurrekoak jarri, sabela baretzeko lehen Coca-cola irentsi, eta han joan izan naiz ekitaldiren baten berri ematera.
Inoiz oso gautxoria ez izateak asko lagundu dit horretan; gehiago disfrutatzen dut eguneko jai giroarekin gauekoarekin baino. Hala heltzen naiz, esaterako, santuaren prozesiora, urtero errepikatzen den errutina betetzera: udal agintariei kasu egin, Excalibur ezpata mitikoaren tamainako iltzea duten bandako kideekin broma bat edo beste partekatu, parrokiaren aurrean dozenaka argazki atera, beste hainbeste San Telmo kalean bertan, eta, kalean behera eginda, tabernaren batean sartzen naiz pintxo bat jatera. Prozesioarekin bezala, berdin danborradekin, zaldi lasterketekin edo txosna guneko kontzertuekin. Onartzen dut banderaren jaitsierara heltzea gero eta gehiago kostatzen zaidala, gorputza gorpu bihurtuta izaten dudalako ordurako.
Etxe barruko lan banaketa eginda, aurten ez dut lanik egin beharrik izango santelmoetan. Ez, ez dut danborradara joan beharrik izango (gaitz erdi!), ezta zaldi lasterketetara ere; behingoagatik itsaso urdinean kamuflatzeko parada izango dut. Hantxe ikusiko gara.
Topo egiten ez badugu, ondo pasatu santelmoak!
