Aurtengo San Telmo jaietako bandera igoko duzu. Nola jaso zenuen albistea?
Arbustain motor elkartea arduratzen da omenaldiaz, eta elkarteko lehendakariak eman zidan albistea. Kontua da ni elkarte horretako kide naizela, eta lehenbizi hiruzpalau zumaiarrei egin zitzaiela bandera igotzeko proposamena, baina ezezkoa eman zuten denek. Pena da, ohitura galdu egingo baita horrela jarraituz gero. Orduan, nigana jo zuen lehendakariak, zaharrena naizela argudiatuz.
Beraz, ez da ezustekoa izan. Hala ere, ilusioa egingo dizu, ezta?
Bai, noski. Azken asteotan begietan ebakuntzak egin dizkidate, begi lausoengatik, eta medikuari egin nion lehenbiziko galdera izan zen ea santelmoetarako prest izango ote nintzan. Lasai egoteko esan zidan, bandera igotzeko eguna iristerako ikusmena zoragarri izango nuela eta.
"Parranda ederrak botatakoa naiz! Orain ezberdin bizi dituzte festak"
Santelmoak ospatzeko ohiturarik ba al duzu?
Bai, asko gustatzen zaizkit festa horiek, eta aurten ere ospatuko ditut. Ez dut uste ezer aldatuko denik omendua izateagatik; ez nigan, behintzat. Berezia izango da bandera igotzeko unea; gainera, bi alabak danborra jotzen irtengo dira, eta une hori apartekoa izango dela iruditzen zait.
Baina santelmoetan parranda ederrak botatakoa naiz! Orain ezberdin bizi dituzte festak.
Zer gustatzen zaizu gehien jaietatik?
Egoten den giroa da ederrena, eta San Telmo eguna, astelehena, asko gustatzen zait. Ostiralean eta larunbatean jende asko ibiltzen da, baina aselehenean bertakoak bakarrik egon ohi gara, eta horrek berezia egiten du eguna. Egun dotorea izaten da. Eta errepetizioak ere gustatzen zaizkit. Jesus! Non egiten da hori? Hemen, Zumaian, bakarrik.
San Telmo arrantzaleen patroia da, eta zu urte luzez aritutakoa zara arrantzan, ezta? Noiz hasi zinen?
14 urte nituela hasi nintzen arrantzan. Aita arrantzalea zen, beste hiru anaiak ere bai, eta, beraz, beste aukerarik ez nuen. Aitak itsasontziko patroiarekin hitz egin zuen, eta han joan nintzen ikastera. Ama, berriz, negarrez gelditu zen, oraindik txikiegia nintzela esanez. Baina horrela ziren gauzak garai hartan. Hala ere, ez nuen denbora gehiegi egin itsasoan; zazpi urte bakarrik.

Arrantzaleena lan gogorra dela esaten dute. Zer egiten zitzaizun zuri zailena edo gogorrena?
Bizimodu gogorra da arrantzalearena, oso gogorra; garai hartan batik bat. Izan ere, gaur egungo itsasontziek ordenagailuak eta makina asko dituzte lana errazteko, baina duela 60 urte dena eskuz egin behar izaten genuen. Txarrena hegaluze bila joatea izaten zen; itsasoan hamalau edo hamabost egun egiten genituen etxetik kanpo, eta nik hori gaizki eramaten nuen. Neguak ere gogorrak ziren: hotza, haizea... Hala, dagoeneko ezkonduta nengoela, emazteari ezer esan gabe, itsasotik alde egitea erabaki nuen; Zumaian bizi nintzen ordurako, osabak utzitako etxe batean, eta enpresa batera joan nintzen lanposturik libre ba al zuten jakiteko. Astebetera hasi nintzen bertan lanean.
"Egoten den giroa da ederrena, eta San Telmo eguna asko gustatzen zait"
Eta ez al duzu itsasoaren faltarik sumatu?
Itsasoa oso gustuko dut, eta nahiz eta arrantzalea ez izan, itsasontzi txiki bat dut eta txipiroi bila joaten naiz noizbehinka. Hori ez dut alde batera uzteko asmorik. Baina kapritxoz eta gustura egiten dudan zerbait da.
Gaur egungo gazteen artean arrantza ez da aukera bat. Nola ikusten duzu egoera?
Asko ari da aldatzen, eta gutxitzen ari dira arrantzaleak. Getariako portuan 30 itsasontzi ezagutu nituen nik; gaur egun, aldiz, 10 edo 11 daude. Horietako batzuk salgai daude, gainera, baina ea nork hartzen duen itsasontzi bat egungo egoeran. Zaila da. Egia da hegaluzeak eta antxoak dirua ematen dutela, baina lan gogorra da, eta normala da gazteek arrantzale lana egin nahi ez izatea.
