Beste urte batez, Gune Morea jarriko dute San Telmo jaietan, Zumaiako Udalak eta Emakumeon Etxeak elkarlanean prestatuta. Saregile plazan jarriko duten gunea eraso matxistak salatzeko, arreta emateko eta protokolo feminista zabaltzeko nahiz gaiaren inguruko ekarpenak jasotzeko izango da.
Bizi Bitxi psikologia eta sexologia osasun zentroko kideek emango dute zerbitzua postu horretan, santelmoetako ostiralean, larunbatean eta igandean (gaur, bihar eta etzi), baita repetizioetako ostiralean eta larunbatean ere (apirilak 17 eta 18). Zehazki, 22:00etatik 01:00etara egongo da zabalik postua.
Eraso edo jarrera sexistak, LGTBI+fobikoak zein arrazistak jaso dituztenak zein festa giroaren inguruko iritzi eta ekarpenak egin nahi dituztenak Gune Morera bertaratzera gonbidatu dituzte udalak eta Emakumeon Etxeak. Gainera, Gune Morean pegatinak, eskuorriak, txapak eta bestelakoak eskuratu ahal izango dituzte.
Zerbitzua eskainiko duen Bizi Bitxi psikologia eta sexologia osasun zentroko Arantxa Iglesiasekin hitz egin du Gukak.
Zumaiako San Telmo festetan prebentzio gunea izango du Bizi Bitxik. Zer zerbitzu eskainiko ditu zehazki?
Sexu Bizi programa eskainiko dugu, jarrera matxisten prebentzioa lantzeko batik bat. Gune Morean informazioa eskainiko dugu, eta sexu indarkeria, indarkeria matxista edota genero indarkeria kasuen inguruko baliabideen berri emango dugu, baita aholkuak ere. Gainera, erasoren bat izanez gero, aurrez aurreko arreta ere eskainiko dugu, noski. Kolektibo guztiei zuzendutako gunea da; LBTBIQ+ pertsonek adibidez, beren txokoa dute, eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu kolektibo horren jakintza edota iritziak ezagutarazteko. Azken finean, harreman osasuntsuak sustatzea nahi dugu; edozein motatakoa dela ere harremana, herritarrek informazioa izan dezatela.
"Ez dugu inor behartzen salaketa jartzera, eta ez dugu pausorik ematen biktimaren adostasunik gabe"
Zein da helburu nagusia?
Prebentzioaren inguruko informazioa ematea eta biktima izan direnei arreta eskaintzea; horiek dira helburu nagusiak. Ikusgarritasuna ematea ere nahi dugu, herritarrek jakin dezatela gurea gune seguru bat dela. Emakume askok esaten dute lasaitasuna sentitzen dutela festa eremuan horrelako gune bat dagoela jakitean. Bestalde, herriak berdintasunarekiko duen konpromisoaren erakuslea ere bada gunea.
Zer pauso ematen dituzue indakeria kasu baten aurrean?
Kasu bakoitzaren arabera, erantzun desberdina ematen dugu. Batik bat, biktimak eman nahi dituen pausoen arabera jokatzen dugu: nola dagoen jakin nahi izaten dugu, pausorik eman nahi al duen galdetzen diogu, konfiantzazko pertsona bat aurkitu dezan laguntzen diogu, eta beti, biktimak esaten duenaren eta dituen beharren arabera jokatzen dugu. Hau da, ez dugu inor behartzen salaketa jartzera, eta ez dugu pausorik ematen biktimaren adostasunik gabe. Biktima ez da berbiktimizatu behar; horretarako entzun egin behar zaio, eta behar duen zerbitzua eskaini, konfiantzazko gune bat izan dezan.
Zer nabari duzue gaur egungo gazteen artean, eta batik bat, festaren testuinguruan?
Azken urtebetean aldaketa sumatu dugu mutil gazteengan. Indarkeria matxista ukatzen dutenen kopurua ugaritzen ari den zurrumurrua hedatu den arren, Gune Morean alderantzizkoa nabaritu dugu: askoz ere mutil gehiago etortzen dira gugana. Beti gerturatu izan zaizkigu neskak eta LBTBIQ+ kolektibokoak, baina azken urtean bi profil desberdinetako mutilak etorri dira gugana batik bat; batzuk egoerak partekatzera eta eskerrak ematera etortzen dira, eta beste batzuk gure lana zalantzan jartzera; azken horiek oso mutil gazteak izaten dira. Lehenbiziko profilak harritu egiten gaitu, historikoki emakume helduek egin izan dutelako hori; bigarren taldekoek, berriz, harritu egiten gaituzte, baina eskertu egiten dugu. Izan ere, guri irakasteko asmoz etortzen badira ere, hitz egiteko prestutasuna izaten dute, eta elkarrizketa beti izaten da positiboa.
Azken urtebetean aldaketa sumatu dugu mutil gazteengan
Bestalde, etorkinengan ere aldaketa nabari dugu. Etnia eta erlijio jakin batzuetako pertsonak ez ziren Gune Morera etortzen orain arte, eta orain, zorionez, oztopo edo muga hori puskatzen hasi da. Pozgarria iruditzen zait hori; izan ere, horrek esan nahi du herriaren parte sentitzen direla. Hori guztia ikusita, azken urtebeteko irakurketa oso positiboa da.
Informazio bila joaten direnez hitz egin duzu, baina erasoen inguruko jarrerei dagokienez, zein da egoera?
Egiari zor, ez dira eraso asko izaten. Gugana jotzen duten asko tabernetan bizi izandako jarreren harira hurbiltzen dira: bultzakadak jaso dituztela, zelatan egon zaizkiela... aipatzen dute. Adi-adi dauden neskak izaten dira, bizi izan dituzten egoerak partekatzera edota informazioa jasotzera etortzen direnak. LBTBIQ+ kolektibokoak bai gerturatzen direla, haien kasuan eraso gehiago izaten direlako; irainak batik bat. Gugana etortzen direnek konplizitatea bilatzen dute, konfiantzazko eremu bat delako Gune Morea.
