Zumaia Jai Alai Master Serieseko finaletik kanpo gelditu da Unai Uranga

Maddi Txintxurreta 2026ko martxoaren 31

Zumaiako Master Serieseko finalerdia jokatu zuten gizonezko puntistak, atzo. (Jai Alai)

Unai Urangak eta Eñaut Urreistik bi setetan galdu zuten Zumaiako txapelketako partida Jean-Dominique Olharanen eta Unai Lekerikaren aurka. Bestalde, Ihart Arakistainek eta Maialen Aldazabalek osatutako bikoteak garaipena lortu zuen Oihana Sorozabalen eta Eneritz Lizardiren kontra.

Zumaia Jai Alai Master Series txapelketako lehenengo finalerdiak jokatu zituzten atzo arratsaldean Aitzuri pilotalekuan, eta Unai Uranga Zumaiako puntistak ez zuen lortu San Telmo egunez jokatuko duten finalera sailkatzea. Bi setetan erabaki ziren eguneko bi partidak.

Urangak Eñaut Urreisti mutrikuarrarekin osatu zuen bikotea, eta Jean-Dominique Olharan eta Unai Lekerika izan zituzten aurrez aurre. Mutrikuarrak asko arriskatu zuen lehen setean, eta tanto asko bukatu zituen aurrean. Sake errestoan ere asko sartu zen, eta 13-10 egin arte, bikote marroia aurretik joan zen markagailuan. Hala ere, beheraka egin zuten hortik aurrera: lehenengo setak 13-15 ihes egin zien, eta bigarrena ere 0-3 galtzen hasi ziren. Urangak, halaber, egoki bete zuen bere lana. 11-15eko markagailuarekin amaitu zuten bigarren seta.

Olharan biarnotarrak behetik gora egin zuen, sakearekin ere gehiago asmatu zuen eta batez ere, atzean, Lekerikaren ezinbesteko laguntza izan zuen. Gernikarra izan zen partidako onena, ez zuen apenas hutsik egin. Unai Uranga zumaiarrak egoki bete du bere lana, partida borrokatua izan da baina Urreistik errematatzera atera beharra zuen eta ikuskizun ederra ikusi ahal izan dute zesta-zaleek. Gozatzeko moduko partida bizia.

Emakumezkoen arteko partida, bestalde, oso parekatua hasi zen. Ihart Arakistain eta Maialen Aldazabal bizkaitarrak oso seguru aritu ziren, eta lehenengo seta bi tantoko aldearekin irabazi eta gero, bigarrenean erraz gailendu ziren. Oihana Sorozabal lapurtarrak behera egin zuen apur bat, nahiz eta Eneritz Lizardi atzean seguru eta fresko aritu zen. Azkenean, 15-13ko markagailuarekin amaitu zuten lehenengo seta, eta 15-5 bigarrena.

San Telmo eguneko finalak jokatuko dituzte, beraz, Jean-Dominique Olharanek eta Unai Lekerikak osatutako bikoteak zein Oihana Sorozabalek eta Eneritz Lizardik osatutakoak.

Datorren astean, Fridaren eta Lopezen txanda

Datorren astelehenean, hilaren 6an, txapelketako bigarren finalerdiak jokatuko dituzte Aitzurin 19:00etatik aurrera, eta bi zumaiar ariko dira kantxan. Batetik, Frida Watkins, bere lehen Euskotren Winter Seriesa irabazi berritan. Elaia Gogenolarekin osatuko du bikotea, eta Helena Barrenetxea eta Oaia Otaño izango ditu aurkari. Bestetik, Imanol Lopezek bere azken partida izan daitekeena jokatuko du; azken aurrekoa finalerako txartela lortuko badu. Erkiaga izango du alboan, eta Johan Sorozabal eta Ion Ibarluzea, berriz, aurrez aurre. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide