Santelmoak 2026

Bertsio Gaua: Zumaiako soinu bandaren berpiztea

Erredakzioa 2026ko apirilaren 16a

2022ko Bertsio Gaueko une bat.

Hamaika musika talde eta abeslari ezagun erein dira Zumaian, baina horretaz haratago, musikari lotutako zaletasuna handia da herrian. Festetan askotariko doinuak izango dira entzungai nonahi, baina bada azken urteetan hutsik egiten ez duen hitzordu bat: Bertsio Gaua.

Zumaia itsasoari begira bizi den herria da, baina olatuek ez ezik, musika doinuek ere markatzen dute haren erritmoa. Kale estuetan barrena eta plazetan, askotan entzun izan dira era askotako doinuak: kontzertu txikiek, festetako emanaldiek edo lagunarteko musika saioek giro berezia sortzen dute urte osoan zehar. Herriak musikari lotutako tradizio sendoa du, belaunaldiz belaunaldi transmititu dena, eta gaur egun ere nabaria da sortzaileen eta zaleen presentzia Zumaian.

Festetan, dena den, musikak protagonismo berezia hartzen du. Jaiek irauten duten egunetan, herritarrak kalera ateratzen dira, zuzeneko emanaldiez gozatzera, musikarekiko duten zaletasunaren erakusle. Hori ez da entzule pasiboen kontua soilik: askok modu aktiboan parte hartzen dute taldeetan, antolakuntzan edo kultur ekintzetan. Hori gauza baten adierazle argia da: musika ez da osagarri hutsa, baizik eta Zumaiako nortasunaren funtsezko elementua.

Musikarekiko zaletasun horren erakusle bihurtu da San Telmo jaien barruan egiten duten Bertsio Gaua. 2008an sortu zuten ekitaldi hori, baina hura antolatzeaz arduratzen den Zumaiako Txosna Batzordeko arduradunek adierazi dutenez, ez zen inon zehazki erabakitako zerbait izan. "Garai hartan saltsa egoten zen festetan herriko zein taldek joko zuten erabakitzerakoan, denek nahi izaten baitzuten kontzertua ematea. Paukoiat taldeko batzuk Segiko kideak ziren, eta haiek arduratzen ziren txosnetako kontzertuez; haiei okurritu zitzaien Bertsio Gaua antolatzea. Bazekiten beste herri batzuetan egiten zela, eta batez ere Durangokoak [Bizkaia] inspiratuta jarri zuten martxan Zumaiako jaialdia. Han oso ondo funtzionatzen zuen: ekintza herrikoia zen, eta jendeak parte hartzen zuen. Hala, Zumaian ere funtziona zezakeela pentsatu zuten. Gainera, Bertsio Gauak aukera ematen zuen kontzertua eskaini nahi zuten talde horiek guztiek jotzeko".

Herriko jendeak parte hartuko zuen gau bat antolatzea nahi zuten

Lehen edizioa 2008. urtean antolatu zuten, helburu garbi batekin: herriko jendeak parte hartuko zuen gau bat antolatzea nahi zuten, eta jendeak ondo pasatzea. Lauzpabost talderen bertsioak entzun ahal izan ziren lehendabiziko Bertsio Gau hartan: Ahuntzaren Gauerdiko Eztula, S.A. edota Latzen taldeenak, besteak beste. "Parodia kutsua ere bazeukan jaialdiak hasieran, eta partaide asko bertsioa egiten ari ziren taldeko kideez mozorrotuta igo ziren oholtzara", gogoratu du Txosna Batzordeak.

Hasiera-hasieratik, beraz, harrera "oso ona" izan zuen ekintzak; lehen aldi hartan talde asko animatu ziren parte hartzera, eta txosnetan jende asko bildu zen. Poliki-poliki eta urtez urte indarra hartzen joan zen Bertsio Gaua, eta 2010ean eztanda egin zuela esan daiteke: "Urte hartan karpa jarri zen txosna gunean, eta orduan jo zuen goia Bertsio Gauak. Publikoa gertuago edo beroago sentitzea ahalbidetzen du karpak, eta agian horregatik indartuko zen jaialdia urte horretatik aurrera", diote antolatzaileek.

Berotasun hori herritarrek gustuko dutela dirudi; izan ere, badira urtero-urtero Bertsio Gauean parte hartzen duten musikari batzuk, hutsik egiten ez duten horietakoak. "Eta horietako batzuek talde batean baino gehiagotan jotzen dute; horrek ematen dio egonkortasuna Bertsio Gauari. Horrez gain, urtero animatzen da jendea oholtzara lehen aldiz igotzera, eta horretarako bultzada izan nahi du, aldi berean, Bertsio Gauak", esan dute antolatzaileek.

Aurrera begira

Arrakasta horrek jende asko gerturatu du Bertsio Gauera, baina horrek ez du eragin handiegirik izan antolaketa lanetan, jaialdiak "oso funtzionamendu sinplea" duelako, antolatzaileen arabera: "Txosna Batzordeak izen ematea zabaltzen du, eta behin hori itxitakoan, izena eman duten taldeen artean zozketa egiten du, horiek zer hurrenkeratan joko duten zehazteko. Behin hori eginda, musikariek euren artean hitz egiten dute, musika tresnak nork jarriko dituen zehazteko. Egunean bertan material hori txosna gunera eramateko elkartzen dira musikariak, eta Bertsio Gaua amaitzean, dena jasotzeko. Aurretik, entseguak egiteko, talde bakoitza bere kabuz moldatzen da. Batzuek Dardarako entsegu lokala erabiltzen dute, beste batzuek gaztetxea...".

Bertsio Gauak gaur egun duen osasun onari eusteko asmoa dute Zumaiako Txosna Batzordeko kideek. Jakitun dira oholtza gaineko taldeek izango dutela erreleboa, eta hori mantentzea nahi dute, baina, horrez gain, beldurrak eta lotsak uxatu eta jaialdia ondo pasatzeko plaza bilakatzea ere badute erronka gisa: "Ez dugu musikan trebatutako jendearen partaidetza bakarrik bilatzen, baizik eta gustuko duen talde baten bertsioa eginez ondo pasatzeko gogoa duen edonor animatzea nahiko genuke".

"Oholtza edozeinentzat espazio eroso" bihurtzea nahi dute

Horrenbestez, partaide kopurua handitzeaz gain, parte hartu nahi lukeen oro lotsarik gabe oholtzara igotzea nahi dute, "haren musika jotzeko gaitasuna edozein dela ere". Herriko jendea animatzea eta denek elkarrekin "gau eder bat pasatzea" da helburua: "Horretan edozeinek egin dezake ekarpena. Hortaz, horretara animatu nahi genuke gogoa duen edozein pertsona. Bestalde, gizonek hartzen dute oholtza modu nabarmenean, eta Bertsio Gaua ez da salbuespena. Hori aldatu nahi genuke, eta oholtza eta oholtza azpiko lehen ilarak edozeinentzat espazio eroso bihurtu".

Hamaika talde

Aurtengo Bertsio Gaua bihar izango da, repetizioetako ostiralean. Txosna eremuak jendetza hartuko du 22:00etatik aurrera aurtengo bertsioak eta doinuak entzuteko. Zumaiako Txosna Batzordeak aurreratu duenez, 11 talde igoko dira oholtza gainera: Salta, Kuraia, Koktel Molotov, M.J.en Aparra, Glaukoma, Popurri, Lamb of God, The Ostrukas, Extromoduro, Joxe Ripiau eta Red Hot Chilli Peppers.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide