Scroll

Maria Maya Manterola 2026ko apirilaren 1a

Sare sozial desberdinen aplikazioak sakelako telefono bateko pantailan. (Rawpixel)

Maria Maya Manterola kazetariak otsaileko Zumaia Guka aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa.

Aulki gainean arropa pilatzen joan naiteke, tontorra egiteraino, eta biharko bazkaria prestatu behar dudala pentsatu ordubetean hiru aldiz. Alferrik. Mugikorreko pantaila piztu, eta scroll. Bata bestearen atzetik irents ditzaket bideoak, tiktokak, reels-ak, denbora ia ohartu gabe pasatzen den bitartean. Lasaigarriak zaizkit, esaterako, koloretako gelatinaz egindako postreen bideoak. Labana sartu, eta ebakia perfektua da: dardararik ez, atzerapausorik ez, zalantzarik ez.

Alfonbra zikinen bideoek ere badute zerbait hipnotikoa. Agertu da alfonbra marroi bat, hautsez eta oinetakoek utzitako arrastoz lepo, aspaldiko itxura duena. Beltzez jantzitako gizon batek eskuila handi bat pasatzen dio kamera azkarrean, ezker-eskuin, modu ordenatuan, ia koreografia baten modura. Gero, ur zorrotada batekin seinalatzen du, eta marroia zena horitu egiten da; horia, zuritu. Eskuila berriz pasatu, eta alfonbra berria bailitzan geratzen da, estreinatu gabea, iraganik gabekoa.

Beste batean, bi esku eta mahuka zuriak ageri dira pantailaren behealdean. Txokolatez beteriko katilu bat hartu, sukalde gainera jaurti, eta espatula baten laguntzaz zabaldu dute. Lauki txikiz osatutako silikonazko molde bat bete, eta itxaron beharrik izan gabe, plano aldaketa soil batekin, gogortu egin da txokolatea. Kolpe batez atera dute mahai gainera: txokolate dirdiratsua, perfektua, ukitu beharreko objektu horietakoa.

Bideo horiek, ordea, ez didate erakusten txokolatea etxean nola egiten den, ezta alfonbrak nola garbitzen diren ere. Erakarpena beste nonbaitetik dator. Ahaleginik egin behar ez izatetik, hain zuzen. Ez dute erakusten sukaldea txokolate arrastoz beteta, harraska gainezka, ezta alfonbra garbitzen ari denaren izerdia ere, ezta garbialdi guztiak bata bestearen atzetik ere. Arazoa begi-kolpe batean konponduta dago; errezeta konplikatua eginda, pausorik erakutsi gabe.

Prozesurik gabe, emaitza eskutan. Bideo horiek iradokitzen didate posible dela iristea, pasatu gabe; lortzea, eraiki gabe; konpontzea, inplikatu gabe. Segundo horietan, denak dirudi erraza, leuna, kontrolpekoa. Eta agian horregatik kostatzen da hainbeste pantaila itzaltzea, benetako munduak ez duelako sekula plano aldaketarekin funtzionatzen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide