Ikasketaz eta ogibidez soziolinguistikaren bueltan aritua da Belen Uranga (Zumaia, 1961). Soziolinguistika Klusterrean ikerketan eta zabalkundean dihardu, eta Zumaiako Larraina euskara taldean ere bai; komunitatea elkartzeko eta aktibatzeko gunea da harentzat. Euskararen biziberritze prozesua eta Zumaian egindako ikerketen emaitzak izan ditu hizketagai Urangak elkarrizketan.
Euskalgintzaren bueltan aritu izan zara beti, bai herri mugimenduan, bai ogibidez. Zerk bultzatu zintuen?
Horrelako ibilbide bat norberaren biografia linguistikoak markatzen du. Familia euskaldun batean jaio nintzen, euskaraz egiten genuen, baina jaio nintzen garaian, euskararen zapalkuntza garbia zegoen. Alegia, guk eskolan gaztelaniaz egin genuen, kalean ez genuen euskaraz egiten, erdaraz egiten genuen; nahiz eta euskaldunak izan. Orduan hasi ziren Zumaian euskara biziberritzeko mugimenduak. Ikastolan, esaterako, lehen promozioko umea izan nintzen, baina lehen urtea bakarrik egin ahal izan nuen; ez nuen jarraitzeko aukerarik izan. Horrek eragin zuen, hain zuzen ere, eskola erdaldunera itzultzean penalizazio bat izatea. Orban bat izan nuen: urtebete atzeratu ninduten ikastolan egon nintzelako.
Garai hartan euskara biziberritzeko prozesua martxan jarri zuten, eta baita gizartea biziberritzekoa ere, Franco hil zen garaiaren bueltan. Gu hasi ginen mugitzen. Urte batzuetara, udaletxean sartzeko aukera izan nuen, zinegotzi, 1987an. Euskara biziberritzeko prozesuan arlo administratiboan lehen indarrak hor hasi ziren: euskara planak, hizkuntza politika... Hor zerbait piztu zen. Hor ezagutu nuen Larrañaga [Iñaki] soziolinguista inportantea, eta itzultzaile zebilen Belen Golmaio. Horrek izugarrizko aldaketa eragin zuen herrian. Hor piztu zitzaidan kezka soziolinguistikaren eta euskararen gaiekin. Handik gutxira erabaki nuen prestakuntza bat behar zela, eta urte batzuekin bada ere, berriz sartu nintzen unibertsitatean, Euskal Filologia ikasketetan. Ez filologiaren arloan sakontzeko, baizik eta biziberritze prozesu horretan ekarpena egiteko asmoarekin. Karrera amaitu aurretik Bretainian egonaldi bat egiteko aukera izan nuen, eta munduko hizkuntza aniztasuna aztertzera pasatu nintzen. Bilboko Unesco Etxean egin nuen lan hamar urtez, hain zuzen, munduko egoera aztertzen. Pentsatu nuen bazela garaia euskarara etortzeko, euskararen biziberritze prozesura etortzeko. Soziolinguistika Klusterrera etorri nintzen, eta jada urte batzuk pasatu dira ordutik, hemezortzi bat. Klusterra da euskara biziberritzeko ikerketa gunea; alegia, guk egiten dugu ikerketa lana, ezagutza soziolinguistikoa eskaintzeko biziberritze prozesu horretan ekarpena egiteko. Dena den, harremanetan jarraitzen dut munduko hizkuntza aniztasunaren arloarekin, eta kezka badut gai horren inguruan.
Zein da zure lana zehazki?
Ikerketan eta zabalkundean egiten dut lan. Oso gaztetan ezagutu nuen Bat soziolinguistika aldizkaria. 1990. urtean sortu zuen Txillardegik, eta gaur egun nik koordinatzen dut. Soziolinguistikaren arloan egiten diren lanak ezagutu eta horiek argitaratzeko aukera ematen dit horrek. Bestetik, parte hartzen dut Euskal Herri mailako ikerketetan; kale neurketetan, esaterako. Hori oso ariketa inportantea da Euskal Herrian une honetan, eta hain justu ere, aurten egingo da edizio berria. Ikerketa horiek herri mailan ere egiten ditugu, eta esparruka ere bai; eskoletan, esaterako.
Migrazioari buruzko azterketa kualitatiboak ere egin ditugu azken urteotan, eta horretan sartu naiz buru belarri. Beste lanketa interesgarri bat da lan munduan enpresaren erantzukizun linguistikoa sustatzeko proposamena lantzea. Euskara biziberritzearen proiektuan hartu beharko luketen protagonismoa hartzeko baliabideak eskaintzen zaizkie. Nire obsesioa da, nahiz eta ikerketa partzialak egin, prozesu osoaren irakurketa egitea. Migrazioaren inguruko ikerketa bat egiten badugu leku zehatz batean, saiatzen gara irakurketa hori biziberritze prozesu osoan egiten. Pentsatzen dugu beste eremu soziolinguistiko batean zer gertatzen den, ez delako gauza bera Sestaon (Bizkaia) edo Azpeitian. Interesatzen zait aldi berean leku desberdinetan gertatzen dena ikustea.
Larrialdi linguistikoa aipatu zuen Euskalgintzaren Kontseiluak abenduan Bilbon egindako ekitaldian. Larrialdi egoeran al da euskara?
Larrialdi hitzak esanahi zehatz bat dauka, eta konnotazio batzuk ere baditu. Ni ez naiz hitz hori erabiltzearen aldekoa, baina ulertzen dut hori erabili izana, eta hori bezala, esan izana bidegurutze batean gaudela, ez aurrera, ez atzera. Badaukagu kezka bat ikerketan eta euskalgintzan ari garenok. Momentu berezian gaudela uste dugu. Zerbait berria, desberdina eta beste maila batekoa egin behar dela uste dut. Esan izan da orain arte egindakoarekin ez dugula gehiegi aurreratuko, eta ni horrekin bat nator. Orain arteko hizkuntza politikan eta eragiletza sozialean eta norbanakoan maila berean jarraituz gero, ez dugu orain arte eman ez dugun aurrerapausorik emango. Beraz, inportantea da mundu guztia konturatzea zerbait berria egin behar dela. Horrek esan nahi du larrialdian gaudela? Igual bai, baina nahiago dut esan zerbait berria eta handia egin behar dugula; hasteko, inbertsioan, baliabideetan, energian, gogoan eta nahian. Horrekin konbentzituta nago.
"Korrikak behar du babes emozional, politiko eta ekonomiko hori"
Euskalgintzaren Kontseiluak milaka euskaltzale bildu zituen, dena den, ekitaldi horretan. Euskalgintzak egindako apustuari neurriko erantzuna ematen ari al dira herritarrak?
Dena ongi etorria da, eta hori baino gehiago ere egin beharko dugu. Kontseilua norbanakoaren aktibaziorako mobilizazio gehiago planteatzen ari da, eta hori ondo dago. Ekimen horretan ikusi zen norbanako talde esanguratsu baten erantzuna. Bide horretan kontseiluak gida bat ere planteatu du; gauza oso interesgarriak planteatu ditu euskarara hurbiltzeko bidean dauden pertsonentzako. Maila instituzionalean ere ari da lan hori egiten. Norbanakoaren mailan, gizarte mailan eta administratiboan, momentuz behintzat ez da ikusten tamainako erantzuna emateko ahaleginik dagoenik. Ez diot ez dagoenik edo ari ez direnik, baina uste dut oraindik ez direla jabe momentuaren garrantziaz. Alarmismorik gabe, baina plangintza zehatzak, adostasunak, baliabide biderkatuak eta erantzun zehatzak behar dira. Ondorio kaltegarriak sumatzen dira halakorik egin ezean. Norbanakoen eta gizarte eragileen aktibazioa oso inportantea da, baina beste baten batzuk ere espabilatzeko garaia dutela iruditzen zait.
Imanol Pradales lehendakariak Gabonetako mezuan esan zuen inork ez duela lortuko euskal herritarrok euskaraz aritzeko dugun helburua zapuztea.
Nahi nuke hori sinatu. Ondo iruditzen zait hori esatea, gutxienez hori esatea. Borondate hori aipatzea. Ondo adierazita dago, baina "baina" batzuk ipintzeko gogoa ematen du, lehen aipatutakoaren ildotik. Ez dakigu seguru momentuak eskatzen duen hizkuntza politikaren inguruko plangintza edo gogoeta nahikorik eginda dagoen Eusko Jaurlaritzan; ez du ematen. Gure lana da eskatzea pixka bat serioago hartzeko. Aitortu behar da Eusko Jaurlaritzak egindako lanak emaitza oso onak eman dituela arlo batzuetan. Gauza askok aurrera egin dute horregatik, baina gehiago egiteko momentua dela iruditzen zait. Pixka bat gehiago eragiteko gaitasuna izan behar luke Eusko Jaurlaritzak. Gai bat, behintzat, transbertsalitatea litzateke: Eusko Jaurlaritzaren barruan euskara transbertsala izateko ordua bada hainbeste urte eta gero. Ez da posible euskarak duen pisua hain txikia izatea hizkuntza politikatik kanpo. Beraz, Pradales, oso ondo, baina gogoeta gehiago egin, eta pentsatu beharrezkoa dela baliabideetan pauso bat ematea, esparruz esparru. Beste nonbaitetik kendu beharko da.
Zer egin beharko lukete, oro har, instituzioek? Eta norbanakoek?
Ipar Euskal Herrian, esaterako, ikaragarria da instituzioek euskararekiko daukaten portaera. Eta Nafarroan ere bai. Momentu honetan Eusko Jaurlaritzan gogoeta sendoago bat egitea komeni da. Badakigu neurri batean egin dela, aurkeztu zaizkio diagnostikoaren inguruko gauza batzuk, kezka batzuk, ideia batzuk. Baina serio eta azkar erabaki politiko batzuk hartu behar dituzte eragiteko, bai Eusko Jaurlaritza barruan, bai esparruz esparru, batez ere, euskararen hizkuntza eskubideak bermatzeko lanean. Ardura politikoa oso handia da.
Gizarte mailan, arlo sozioekonomikoan, esaterako, bada garaia enpresak beren egitekoa ezagutu eta har dezaten. Biziberritze prozesuak behar du enpresaren inplikazioa, arlo sozioekonomikoaren inplikazioa. Bi modutara egin daitezke gauzak, gutxienez; legeekin edo norbanakoak bere burua kokatuta hizkuntza aniztasunaren kudeaketa aurreratuaren parametrotan.
Gaur egun posible da, eta enpresa aurreratuenak hor sartzen ari dira, erantzukizun sozialaren arloan, esate baterako. Enpresariak eta lan mundua interpelatzeko momentua da. Lan polita ari dira egiten enpresa batzuetan, baina sektore bezala oso urruti dago. Lan munduak euskalgintzan duen eragina ikaragarria da, eta ikaragarria izan da. Hori administrazio publikoaren lan munduarekin dago lotuta, dena den. Bada garaia esparru pribatua horretan sartzeko. Hori egin ezean, aukaera bat galduko da, pertsona helduen euskalduntzearen indarra, immigrazioarena eta abar. Puntu inportantea da hori. Ez nuke bat lehenetsiko, baina tokatzen da hori ikutzen hastea.
Euskararen aurkako mezuak ugariak dira epaitegien eta alderdi politikoen aldetik. Euskara bazterreko hizkuntza izan dadin estrategia oso baten parte al dira eraso horiek?
Segur aski bai. Ez da berria, hala ere. Hizkuntza ideologia baztertzailea gurekin bizi da, eta erreakzio bezala ohikoa da. Momentu honetan, halere, inportantea da oso; gauza batzuetan aurrera egin denaren sentsazioa egon denean halako oldarraldi bortitza... ez da posible. Beste esparru batzuetan ere gertatzen ari da oldarraldi sozial eta politikoa. Mina ematen du, baina erantzunak bilatu behar ditugu eta erantzun soziala eman behar zaio horri. Politikak ere asmatu beharko dira horri aurre egiteko.
Eskuin muturraren gorakadak diskurtso batzuk normalizatu ditu. Kezkatzen al zaitu gai horrek euskarari dagokionean?
Kezka sortzen dit, hizkuntza bat biziberritzeko prozesu batean oso inportantea delako hizkuntzaren aldeko jarrerak gizartean normalizatuta egotea eta jabetzea prozesu horren parte garela. Normalizatzen badira kontrako iritziak, esaterako, hizkuntzek ez dutela ezertarako balio eta hizkuntza nagusiak jakitearekin nahikoa dela, arriskua dago ahultzearena. Taldea eta prozesua bera ahultzearena. Prozesu honek aurrera egin badu izan da gizarteak neurri batean eman diolako babesa gutxienez aurrera egiteko. Honaino iritsi bagara horri esker ere izan da. Ideologia hori desmuntatzea tokatzen zaigu. Beste gaietan bezala; berdintasunaren arloan zabaltzen ari diren diskurtso erabat matxistekin bezala, adibidez. Aktiboki mezuak landu behar ditugu, eta esan gizarte bezala parte hartu nahi dugula biziberritze prozesuan.
Haurren eta gazteen euskararen erabilera aztertu zenituzten orain bi urte Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloaren barruan. Zer diote datuek? Zer joera erakusten dute?
Larrainan ikerketa jarraitu bat egin dugu Zumaiako haur eta gazteen euskararen erabileraren inguruan. Eskolaren eraginpean aztertu dugu hori, sarrera irteeretan eta. Datu oso onak jaso ditugu, erabilera oso handia da, batez ere, konparatuz neurketa orokorrean haurrek egiten dutenarekin. Eskolan badute gaitasun bat haur horiek euskaraz gehiago egiteko. Albiste oso ona da, eta bilakaera positiboa izan da zonalde batzuetan, gainera. Horrek ez du esan nahi haurrek horrela hitz egiten dutenik beti, baina eskola inguruan erabilera handia dela zalantzarik ez dugu.
Kezkatzeko motiborik ba al dugu Zumaian?
Gure herrian herritarren hiru laurdenek euskaraz hitz egiten badakite. Eta bereziki itxaropentsua da haur eta gazteen egoera: ia guztiek dakite euskaraz eta, garrantzitsuagoa dena, erabiltzen dute. Azken neurketek erakutsi dute haurren, gazteen eta guraso gazteen artean —batez ere seme-alabekin ari direnean— euskararen erabilera oso handia dela. Eta horrela, etxetik euskaldunak ez diren gazteak ere euskaraz bizi dira gure herrian, eskolaren bitartez ikasi dutelako, baina, batez ere, lagun artean, euskaraz erabat normal sozializatzen direlako Zumaian. Hori oso pozgarria da. Argazki orokorrak ñabardura garrantzitsu bat du, ordea: Zumaiako kaleko erabilera orokorra %50ean geratzen da. Nola azaldu hori? Gogoratu behar da 60ko eta 70eko hamarkadetan herriko kaleetan gaztelaniaz egiten genuela gazteek (oraindik frankismo garaian, euskararen egoera bortitzaren ispilu). Ondoren, gazte horietako asko euskaraz hitz egitera pasatu ziren, baina gaztelaniarako joera haren arrastoak nabarmentzen dira oraindik ere. Halere, uste dut Zumaia euskara eroso erabiltzeko herri bat badela, euskaraz sozializatzeko gunea, euskarazko kultur eskaintza oso aberatsa eskura dugula, eta bilgune euskaldunak ere baditugula; euskal komunitate sentimendua badagoela esango nuke.

Zer erronka ditu euskalgintzak herrian?
Sektore pribatuan, merkataritzan eta ostalaritzan gaztelania indartzen ari dela ikusten ari gara. Larrainak egindako ikerketa baten arabera, paisaia linguistikoan (kartelak, tiketak) euskararen presentzia %50ekoa da. Gainera, bertako ahozko erabilera neurtu ez bagenuen ere, nabaria da gaztelaniaren erabilera handitzen ari dela. Emaitza hori ulertzen dugun arren, ikerketa egin genuenok kezkatu egin ginen.
Gainera, identifikatu genituen horren oinarrian faktore konplexuak daudela. Lehendik datorren gertakaria da euskararen erabilera idatzia edota formala gaztelaniaren aldean txikia izatea, baina badira indartzen ari diren bi fenomeno ere. Batak, turismoarekin zer ikusia du. Turismoaren eragina zenbaterainokoa den ez dugu oraindik neurtu, baina sumatzen hasita gaude: kanpokoaren zerbitzura makurtzeko arriskua dago, hizkuntzaren gaian eta baita beste batzuetan ere. Horren lekuko da "zenbat eta turismo gehiago herriarentzat hobe" paradigma oraindik indarrean egotea, niri iritziz, baita "turismo zainduaren edo arduratsuaren" izenean jardutean ere. Garrantzi horrek legitimatzen du –pertsona askoren iritziz– lehentasuna gaztelaniari edo ingelesari ematea, euskararen kaltetan.
"Lan oso serioa egiten du udalak, hezkuntza komunitatea elkartuz, adibidez"
Eta horrela agertzen zaigu bigarren gaia, hain zuzen, ingelesarekiko menpekotasuna. Nazioarteko itxura edo kutsu "kosmopolita" eman nahian, ingelesa funtzio berriak hartzen ari da bizitzako esparru askotan, negoziotan, hizkuntza teknikoan, baina baita hurbileko erabileran eta kultura esparruan ere. Jakina, ez da Zumaian bakarrik gertatzen den zerbait. Joera orokorra da, normalizatzen ari den praktika linguistikoa. Gogoan dugu oraindik zer-nolako mina egin zigun Basque Culinary Center bezalako proiektuek izen hori hartu izanak. Ingelesak nazioarteko harremanetarako hizkuntza izatetik funtzio sinbolikoa bereganatzeak garrantzia berezia du euskararen kaltetan. Atzera bueltarik ez duen joera dela esaten dute askok, baina ni ez nago ados. Behin eta berriz salatu beharreko praktika dela iruditzen zait; globalizazioaren eta nazioartekotzearen aurrean beste jokamolde batzuk ere plantea daitezke.
Migrazioa aipatu duzu lehen.
Zumaian, migrazio fluxua konplexua da. Espainiako Estatutik kanpoko biztanleriaren pisu demografikoa %10 ingurukoa da. Gipuzkoako beste eremu batzuetan baino txikiagoa da, baina datu horrek irakurketa konplexua du. Ikusten ari gara etxebizitzaren prezio altuek muga efektua eragiten dutela, etorri berrien errotzea zailduz eta bertako gazteak herritik kanpora joatea bultzatuz. Aldi berean, barnealdeko biztanleria kosta aldera erakartzen du Zumaiak, aspalditik datorren joera oso zabaldu bati jarraiki. Faktore horiek akaso, herri eredu elitista baterantz bultzatzen gaituzte, ezta? Eta hori da, seguru asko, gizarte kohesioa bermatzeko kudeatu behar dugun erronka handia.
Etorkinak integratzeko, ezinbestekoa da euskararen inguruan ere bertakotze estrategiak indartzea. Etorri berriek hizkuntzaren onura praktikoak ikusi behar dituzte, bai lan munduan eta komunitatearen parte izateko ere, baita euren seme-alabek gainerakoen aukera berdinak izan ditzaten. Helburu horietan ditugu gabeziak eta erronkak, eta arrakasta mailak baldintzatuko du etorkinen euskarazko integrazio soziolinguistikoa. Ez da soilik borondate kontua, erantzukizun kolektiboa eta instituzionala baizik. Aurreiritziak gainditu eta elkarbizitza zaintzeko, ezinbestekoa da harrera protokolo eraginkorragoak eta espazio partekatuak diseinatzea, Zumaia herri inklusibo, kohesionatu eta euskaldun gisa sendotzeko bidean.
"Globalizazioaren aurrean beste jokamolde batzuk plantea daitezke"
Euskarak dituen etorkizuneko erronkei aurre egiteko, udala ere ari da plan estrategiko partekatua garatzen. Herriko jende asko inplikatu zen plan horretan, eta erronka izango da horiek guztiak aktibo mantentzea. Nire iritziz, lan oso serioa egiten du udalak esparru askotan, besteak beste, oso aktiboa den hezkuntza komunitatea elkartuz. Nolanahi ere pauso kualitatibo gehiago ematea inportantea izango da.
Korrika euskararen erakusleiho handi bat da, baina erakartzen al du jendea euskarara? Badu eraginik?
Galdera inportantea da. Korrikari bi helburu garbi ikusten dizkiot. Batetik. AEK-koek beraiek esan bezala, AEK bera babestea. Eta hori izugarri garrantzitsua da. Babestu behar da, helduen euskalduntzean egiten duen lanarengatik. Behar du babes emozional, ekonomiko eta politiko hori. Bestetik, iruditzen zait momentu honetan beste ezerk ez duen balio sinboliko ikaragarri handia duela. Biltzen gaitu euskararen inguruan eta euskarak duen esanahi afektibo, identitario, historiko hori guztia mahai gainean jartzen du, eta komunitatearen zentzua biziarazten digu. Korrika goazenean ez dakigu zer gertatzen den, baina zerbait gertatzen da. Horrekin esan nahi dudana da hori oso inportantea dela euskara biziberritzeko prozesuetan. Hizkuntza gutxituek duten faktore eragile nagusienetako bat da balio sinboliko hori aktibo izatea.
Horrek eragiten al du jende gehiagok euskara ikastea?
Ikusteko dago. Nik ez daukat horren berri handirik, baina horrek ez dio balioa kentzen. Helduen euskalduntzea aktibatzeko hori baino gehiago behar dela uste dut, baina bere funtzioa betetzen du. Horrek ez du kentzen daukan garrantzia balio sinboliko hori elikatzen. Hori eta gehiago behar da.