Bizitza oilategitik kanpo

Juan Luis Romatet 2026ko apirilaren 8a

Pertsona bat, sare sozial bat begiratzen. (Guka)

Juan Luis Romatet kazetariak martxoko Zumaia Guka aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa.

Onartu behar dut nahi dudanean –baita nahi ez dudanean ere– antisozial hutsa izan naitekeela. Hater bat naizela esaten didate tabernako barraren bueltan biltzen diren lagunek. Hala izango da; zein naiz ni besteen iritzien aurka egiteko. Hori horrela izanda ere, joan zaitezte denok...

Bada, nire izaeragatik, edo piperrik axola ez zitzaizkidalako, berandu heldu nintzen sare sozialen mundura. Egun, bi kontu ditut zabalik: bat lan kontuengatik zabaltzera behartu ninduten, bestea lankide batek animatuta zabaldu nuen, zerbait txukuna eskaini nezakeela uste zuelako. Lehen urteetan joan nintzen munstroa elikatzen; egunero saiatzen nintzen zerbait berria argitaratzen. Akaso pertsona interesgarria nintzela erakutsi nahiko ote nuen? Auskalo. Kontua da denborarekin aspertzen joan nintzela, eta badira urte batzuk hor ditudala, oraindik zabalik, denentzat ikusgai, baina Pripiateko jolas parkearen antzera, abandonatuta. Ez izan kezkarik, aspergarriak izanda ere erradioaktiboak ez dira, behintzat.

Nire bizitzaren berri emateari uko egin badiot ere (horretarako nahikoa dut aldizkariko atal hau), onartu behar dut noizbehinka besteen kontuetan kuxkuxeatzen aritzen naizela. Otsaileko aldizkarian Maria Maya Manterolak bere buruagatik zioen bezala, scrolleatzen ere aritzen naiz, agian nagikeriagatik, edo morbo hutsagatik. Sareen mundu hau hein batean arrotza egiten zaidalako, sarritan haluzinatu egiten dut haietan sortzen diren gatazkekin edo, behintzat, irain partekatzeekin. Badirudi edozein arrazoi dela ona ezagutzen ez duzun norbait popatik hartzera bidaltzeko.

Malkoak euritan bezala, sare sozialetako polemikak denbora gutxian disolbatzen dira

Gurean dagoeneko ondo errotuta dauden auzi batzuk ez bezala (nor da ezkertiarragoa, gu edo zuek? Zer talde da hobea baloiari ostikoak ematen?), beste polemika asko egun gutxiren bueltan ahazten dira. Inork gogoratzen al du urte hasieran piztutako zalaparta Madrilgo liburu denda bat itxi zutelako? Edozein liburu denda ixteak tristura eragiten dit (martxoaren amaieran itxiko dute Donostiako Hontza), eta txiolari sasijakintsuek, eskuinekoek zein ezkerrekoek, itxiera justifikatzeak n-rekin hasi eta a-rekin amaitzen den sentsazioa eragin zidan.

Handik gutxira, Filmin plataforma bihurtu zen polemika iturri, Kataluniako proces-aren inguruko dokumental bat erakutsi zuelako. Espainiako poliziaren ikuspuntutik kontatutako ikus-entzunezko hark independentista askoren barrenak ukitu zituen, eta askok plataforma harekin zuten harpidetza etengo zutela iragarri zuten. Jakin nahiko nuke benetan zenbatek eten zuten aipatu harpidetza, eta zenbat konformatu ziren beraien haserrea Interneteko oilategian oihukatzearekin.

Malkoak euritan bezala (ea nork ezagutzen duen aipu zinefilo hori), sare sozialetako polemika horiek ere denbora gutxiko epean disolbatzen dira, eta konturatzen zara mundu digitaletik kanpo apenas dutela garrantzirik. Ze, kalera ateratzean, erosketak egiterakoan, lagunekin garagardo bat edo sei partekatzerakoan, inori inporta ote zaio pozoiz betetako mundu birtual horretan zer esaten den?

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide