Nolako herria: elkarrizketak 2026

“Adimen artifiziala halako munstro bat da eta ni behintzat, asko ikaratzen nau”

Luka Arrese 2026ko martxoaren 1a

Inge Beloki elkarrizketatu dugu adimen artifizialari buruz daukan iritzia jakiteko.

Erabiltzen al duzu adimen artifiziala?

Bai, erabiltzen dut, egunerokan gero eta gehiago, egian esan.

Zertarako erabiltzen duzu gehienbat adimen artifiziala?

Nire eguneroko bizimoduan, erabilera pertsonalerako, zenbaitetan zalantzak argitzeko, informazioa aurkitzeko eta baita lanerako ere.

Lanean zertarako erabiltzen duzu?

Ni euskaltegiko irakaslea naiz eta egian esan, lana asko errazten du, denbora aurrezten laguntzen du, orduan, klaseak antolatzeko erabili izan dut, programazioa prestatzeko, materiala prestatzeko, hau da, jarduerak. Idazlanak gainbegiratzeko edo testuak aldatzeko proposamenak bilatzeko ere erabili dut, gauza askotarako.

Zein abantaila ikusten dizkiozu adimen artifizialaren erabilerari?

Nik esango nuke abantailarik handiena dela denbora aurrezten duela. Zuk agian gauza bat egiteko orduak eta orduak behar badituzu, berak bi minutuan proposamen bat behintzat emango dizu.

Eta zein arrisku nagusi ikusten dizkiozu?

Nire ustez, nik esan bezala, proposamen bat egingo dizu, baina egia da proposamen horiek ia inoiz ez direla erabat nik benetan jaso nahi ditudanak, nere kasuan behintzat. Orduan, gainbegiratu egin behar dira erantzunak, ez da eskatu zerbait eta ematen dizudan horrekin lenengoan fidatu eta erabiltzea. Beraz, nik uste dut, erabileran dagoela arriskurik handiena, orain arte Internetekin gertatzen zen bezalaxe, adimen artifizialarekin, are arrisku handiagoak ditugula. Abantailak handiak diren bezala, arriskuak ere handiak dira, erabilera okerrak oso bide kaltegarrietatik eraman gaitzake.

Irakaskuntzan ikasleek eta irakasleek ere erabili beharko luketela uste al duzu?

Bai, nik uste dut baietz, azkenean, hor dago, erabiltzen da eta ondo erabilia izatea izan beharko luke helburua. Orduan, erabili bai, erabili behar lukete, erabiliko dute, eta hor dago gakoa, ondo erabiltzen ikastea, bai irakasleek, bai gurasoek, bai ikasleek. Beti bezala, informazioa da altxorra, beraz ahalik eta informatuena egotea, nola erabili behar den, zer arrisku dituen, nola erabiltzeak ere zer abantaila ematen dizkien ikasleei eta ez tranpa egitea, garrantzitsua da, tranpa egiteko bide handiak ematen dituelako baita ere. Hori egin beharrean, elikatzeko eta modu pedagogiko eta ikasteko aukerak ematen dituen modu batean erabili behar da.

Zure ustez, etorkizunean gehiago erabiliko da adimen artifiziala ala ez?

Nik uste dut baietz, azkenean erabili erabiliko da, interes handiak daude, interes ekonomikoak, nork gehiago garatu… hor dabiltza. Azkenean interneten bezalaxe, mugak jarri beharko dira, zalantzarik ez, horretan badabiltza batzuk, nik adimen artifizialaren inguruan egin nuen ikastaro batean, esaten zigun: “adimen artifiziala erabili bakarrik zure burua gai ikusten baduzu ematen dizun emaitza hori ondo dagoen ala ez baloratzeko. Ez bazara gai, emaitza ondo dagoen ala ez jakiteko, ez erabili”. Hori lortzea oso zaila izango da eta uste dut teknologiaren erabileran mugak jartzen hasita gaudela bezalaxe, adimen artifizialari ere mugak jarri beharko zaizkiola, nahi eta ez dakidan erraza izango den. Erabiliko da, nire ustez bai.

Zergatik uste duzu mugak jarri behar direla?

Mugak jarri, ezagutza zabaldu eta jendea informatu, azkenean, jendeak ezagutza hori izan dezan eta mugak, erabilera okerrak arrisku asko ekar ditzakelako: gaitasun kritikoa galtzeko… mila gauzetarako du arriskua. Azkenean, bizitza errazten digu, baina, bizitza errazte horrek ez gaitzala ergel bihurtu, ez dakit, hori da nire beldurrik handiena. Adimen artifiziala halako munstro bat da eta ni behintzat, asko ikaratzen nau.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide