Zumaia Jai Alai Master Series txapelketako bigarren finalerdiak, etzi Aitzurin

Intza Trula 2026ko apirilaren 4a

Aitzuri frontoia. (Zumaiako Udala)

Frida Watkinsek eta Elaia Gogenolak Helena Barrenetxea eta Oaia Otaño izango dituzte aurkari lehen partidan. Bigarren neurketan, Imanol Lopezek Erkiagarekin osatuko du bikotea, eta Johan Sorozabalen eta Ion Ibarluzearen aurka neurtuko dituzte indarrak. 

Etzi, astelehena, Zumaia Jai Alai Master Series txapelketako bigarren finalerdiak jokatuko dituzte Aitzurin. Bi partida jokatuko dituzte guztira Zumaiako pilotalekuan, 19:00etatik aurrera.

Batetik, Frida Watkinsek eta Elaia Gogenolak osatutako bikoteak Helena Barrenetxearen eta Oaia Otañoren aurka jokatuko dute partida. Bestetik, Imanol Lopezek bere azken partida izan daitekeena jokatuko du –azken aurrekoa finalerako txartela lortuz gero–. Erkiagarekin jokatuko du, eta aurkariak Johan Sorozabal eta Ion Ibarluzea izango dira.

Asteleheneko bikote irabazleek lehenengo finalerdiko irabazleen aurka neurtuko dituzte indarrak finalean: emakumeetan Sorozabal eta Lizardi daude finalerako sailkatuta, eta, gizonetan, Olharan eta Lekerika. Apirilaren 13an, San Telmo Egunean, jokatuko dituzte final horiek, 18:00etan.

Hitzorduetarako sarrerak Eramanjaialai.com webgunean eskura daitezke. Egun bakoitzeko sarrerak erosteko aukera izango da, baina baita txapelketa osorako bonua ere.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide