Santelmoak 2026

Gune Morea egongo da santelmo hauetan ere, eraso matxistarik gabeko festak sustatzeko

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 7a

Zumaiako Udaleko, Emakumeon Etxeko eta Mugimendu Feministako ordezkariak, Saregile plazan, Gune Morea ezarriko duten lekuan. (Zumaiako Udala)

Eraso matxistak salatzeko, arreta emateko, protokolo feminista zabaltzeko zein gaiaren inguruko ekarpenak jasotzeko balioko du guneak. Festek irauten duten bitartean egongo da zabalik Saregile plazan, gaueko 22:00etatik 01:00era.

Zumaiako Udalak, Mugimendu Feministarekin eta Emakumeon Etxearekin elkarlanean, Gune Morea antolatu du aurten ere San Telmo jaietarako. Helburua da eraso matxisten aurkako erreferentziazko gune seguru bat egotea festa giro erdi-erdian. Eraso matxistak salatu nahi dituztenek, protokolo feminista ezagutu nahi dutenek edo gaiaren inguruan esatekorik dutenek gune propio bat izango dute Saregile plazan.

BiziBitxi zentroko hezitzaileek eskainiko dute zerbitzua, apirilaren 10, 11, 12, 17 eta 18an, Saregile plazan, 22:00etatik 01:00ak bitartean. Mugimendu Feministak, gainera, festetan indarkeria matxistari aurre egiteko protokolo berezitua prestatu du. Bihar emango dute horren berri, hilak 8, 18:30ean Ardantzabiden.

Eraso edo jarrera sexista, LGTBI+fobiko zein arrazistak jaso dituztenak, zein festa giroaren inguruko iritzi eta ekarpenak egin nahi dituztenak Gune Morera gerturatzera gonbidatu dituzte. Gainera, Gune Morean pegatinak, eskuorriak, txapak eta bestelakoak edukiko dituzte eskuragarri herritarrek.

Festak aske bizitzeko guztion ardura "ezinbestekoa" dela nabarmendu du udalak. Zentzu horretan, herritar guztiei eraso matxisten aurrean, "konplizitateak alde batera utzi, eta arduraz eta konpromisoz jokatzeko eskaera" egiten die.

Azkenik, udalak gogorarazi du Udaltzaingoa gau osoko txandak egiten arituko dela santelmoetan, eta beharrezko jotzen denetan, bertara (943-14 32 32) edo larrialdi zerbitzuetara (112) deitu daiteke.

Kontsumo arduratsua sustatzeko kanpaina, martxan

Indarkeria matxistaren aurkako prebentzio neurriak hartzeaz gain, udalak nerabeek alkoholaren kontsumo arduratsua egin dezaten kanpaina jarriko du martxan santelmoetako bi larunbatetan, AiLaket! elkartearen eskutik.

Hain justu, elkarteko hezitatzaileak Zumaiako kaleetan zehar ibiliko dira, kontzientziazio lanetan, 20:30etik 00:30era bitartean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide