Santelmoak ate joka ari dira, eta jaietako joan-etorriak erraztu, eta bidaia horiek modu seguru eta erosoan egiteko helburuarekin, zenbait zerbitzu indartuko dituzte bi asteburutan. Aurreko urteetan egin bezala, Lurraldebus eta Zumaiako Udala elkarlanean aritu dira garraio zerbitzu berezia eskaintzeko. Zumaia-Donostia eta Zumaia-Deba autobus lineak indartuko dituzte, hain zuzen. Inguruko auzo eta herri txikietara itzulera errazteko, gainera, doako taxi zerbitzua eskainiko du udalak. Zerbitzu hau santelmoetako larunbat eta igande goizaldean, eta errepetizioetako larunbatean egongo da martxan.
Zumaia eta Deba lotzen dituen autobus zerbitzua indartuko dute, batetik. Apirilaren 11tik 12ra eta 18tik 19ra bitarteko goizaldeetan izango dira. Autobus horiek 1:00etan, 3:00etan, 5:00etan eta 6:00etan irtengo dira Zumaiatik, 1:15ean, 3:15ean, 5:15ean eta 6:15ean igaroko dira Itziartik, eta 1:25ean, 3:25ean, 5:25ean eta 6:25ean iritsiko dira Debara. Debatik, berriz, 1:30ean, 3:30ean, 5:30ean eta 6:30ean irtengo dira. Gainera, UK49 Zumaia-Donostia linea indartuko da, zerbitzuaren beharren arabera.
Bestetik, taxi zerbitzua erabili nahi dutenek, Fielatora (Udaltzaingoaren parera) jo beharko dute, zehaztutako ordutegian. Zerbitzu horrek Zumaiako auzoetara (Narrondora, Artadira eta Oikiara), Arroara eta Aizarnazabalera itzultzeko balio du.
Apirilaren 11tik 12ra, 12tik 13ra eta 18tik 19ra bitarteko goizaldeetan eskainiko dute, 02:00etatik 04:00etara bitartean. Zerbitzua eskariaren arabera emango da, eta horrek esan nahi du erabiltzaileek ezarritako ordutegiaren barruan zehaztutako unean eta lekuan eskatu ahal izango dutela. Taxi zerbitzua doakoa izango da erabiltzaileentzat, festetatik itzuli nahi duten guztien segurtasuna eta erosotasuna bermatzeko. Udalak bere gain hartuko du zerbitzuaren kostua.
