Lehertu da santelmoetako txupina. Ospakizunekin atzo arratsaldean hasi baziren ere –pala egokituko eta boxeoko txapelketak jokatu zituzten GKS eta IASek antolatuta–, gaur eman die ongietorri ofiziala herriko festa kuttunei. Urteroko legez, San Telmo ermitaren atarian hasi dute eguna zumaiarrek, eta bertan, Iñaki Ostolaza alkateak izan du jaietako txupina botatzeko ardura.
Ondoren, festak Ondartxo plazan jarraitu du. Bertan, hamaiketako apartaz gozatu dute Itsas Gain elkarteari esker, eta pintxoa eta edaria eskuan, Bertso Eskolako ikasleen koplak entzun dituzte. Bitartean, Zumaienako aretoan, euskal dantzen emanaldia eskaini dute Musika Eskolako gaztetxoek. Lagunek eta familiartekoek goraino bete dituzte aretoko eserlekuak, eta 11 koreografia ezberdinez gozatzeko aukera izan dute. Dantza, ordea, ez da hor amaitu. Izan ere, arku eta zahagi dantzak egin dituzte kofradia parean, txistulariek emanaldia girotzen zutelarik.
Hala, goizeko ospakizunak amaituta, indarrak berreskuratzen ariko dira orain zumaiarrak otordu goxoarekin. Gaurko festak iluntzera arte jarraituko du, eta horretarako hainbat jarduera antolatu dituzte, besteak beste haurrentzako jolasak, DJ saioak eta elektrotxaranga. Hona hemen gaur arratsaldeko egitaraua:
Gaur, larunbata
- 17:00. Odieta, haur jolasak Kulkiren industriaren herri kirolak.
- Bazkalondoan, Elektrokela elektrotxaranga kalejiran, Gazte Asanbladak antolatuta.
- 18:00. Jainekin txaranga kalejiran.
- 21:30. Torreberri, DJ saioa: Saizar eta Kroke, GKS eta IASk antolatuta.
- 22:30. Txosnagunea, Gazte Eguna Kontzertuak: Zeker, Niña Coyote eta Chico Tornado, Skaregekasko.
- 22:30. Kofradia, dantzaldia Bide Batez.
