Santelmoak 2026

Euripean eman diote ongi etorria San Telmo egunari

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 13a

Eguraldia lagun izan ez bazuten ere, ehunka herritar atera ziren atzo iluntzean kalera, zirak soinean, danborradaz eta banderaren igoeraz gozatzera. Aurten Jose Luis Saizabal Etxeberri arrantzale ohiak izan du San Telmo egunari ongietorria emateko ardura. Gaur, indarrak berreskuratzeko eguna izango da. Horretarako, hamaiketakoa prestatu dute Meza Nagusiaren ostean.

Eguraldi txarrak ez zuen festa giroa zapuztu atzo. Gau osoan zehar euri zaparrada goitik behera bota bazuen ere, ehunka herritar atera ziren kalera santelmoetako danborradaz eta banderaren igoeraz gozatzera. Urtero bezala, Sagarbide ikastetxetik atera ziren danborjoleak, eta herriko kaleetatik zehar, San Telmo kalera iritsi ziren ohiko geldialdia egitera. Espero zutena baino gehiago luzatu zen geldialdia, izan ere, atarietan babes bila euri zaparrada geratu arte itxaron zuten. Minutu batzuen ostean, berriro hasi ziren danbor doinuak, eta bertatik, Kofradiaraino egin zuten martxa. 

Gauerdia iristerako, Jose Luis Saizabal Etxeberri arrantzale ohiak Kofradiako balkoian bandera altxatu zuen, San Telmo egunari ongietorria emanez. Musika Bandaren laguntzarekin, danborjoleek dantzan eta kantuan jarri zituzten herritar guztiak, eta hala aritu ziren 01:00ak arte. Gaur, aldiz, indarrak berreskuratzeko eguna izango da. Horretarako, hamaiketako goxoaz gozatuko dute Meza Nagusiaren ostean. Hona hemen gaurko egitaraua:

Gaur, San Telmo eguna

  • 10:15. Ohiturazko prozesioa San Telmo ermitara.
  • 10:30. Meza Nagusia, itsasoaren aurrean otoitza eta parrokiara itzulera. San Telmoren erlikia gurtzea.
  • Ondoren, gonbidatuei hamaiketakoa eskainiko zaie.
  • 11:30-14:00. Odieta, puzgarriak.
  • 12:30. Incansables txarangarekin kalejira.
  • 16:30-19:00. Odieta, puzgarriak.
  • 17:00. Sagarbide, danborrada txikia 3. adinekoekin.
  • 18:00. Kofradia, plaza dantzak eta gehiago.
  • 18:00. Aitzuri pilotalekua, zesta-punta jaialdi profesionala. Jai Alai Master Series Finala.
  • 18:30. Incansables txarangarekin kalejira.
  • 19:30-22:30. Kofradia, dantzaldia Lotxo taldearekin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide