Santelmoak 2026

Prozesioa eta hamaiketakoa, San Telmo egunaren hasieran

Juan Luis Romatet 2026ko apirilaren 13a

Asteburuko une askotan bezala, euria egin du San Telmo eguneko lehen orduetan. Hala ere, herritar ugarik lagundu du santoaren irudia parrokiatik San Telmo ermitara egindako prozesioan. 

San Telmo eguna ospatzen ari dira gaur Zumaian. Banderaren igoerarekin eman zioten hasiera San Telmo egunari, euripean egindako ekitaldi jendetsuan. Euri zaparradek ez zuten baretu herritarren festa gogoa. Atzo bezala, gaurko lehen orduetan ere euria egin du. Baldintza onenak izan ez badira ere, festetako egitarauan leku finkoa duen prozesioa mantendu egin dute. 

Euritik babesteko plastikoak estalita atera dute San Telmoren irudia Parrokiatik, santoaren izena daraman ermitara prozesioan eramateko. Hasiera batean herritar askorik ez zegoen eliza aurrean, baina bidean batzen joan dira, eta San jende kopuru politak lagundu du santoa aldapan gora ermitaraino heldu arte. Fernando Prado gotzaina izan da gaurkoan Zumaian, eta prozesioan parte hartzeaz gain, berak eman du meza nagusia San Telmo ermitan. 

Meza ematen ari zen bitartean, San Telmo kalean dauden bi elkarte gastronomikoetan, Aita Marin eta Itxas Gainen hamaiketakoa eman diete bertaratu direnei. Borondatezko kopuruaren ordainetan, salda, haragi eta txorizo beroa hartzeko aukera izan dute herritarrek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide