Udaleku orokorretarako eta udazaintza zerbitzurako izena emateko epea ireki du gaur Zumaiako Udalak, eta hilaren 30era arte egongo da zabalik. Udalekuak HH3 eta LH6 arteko haurrei zuzenduta daude, eta udalak ziurtatu duenez, jolasa, elkarbizitza eta euskara izango dute ardatz. Udazaintza zerbitzua, bestalde, 2 urteko haurrentzat eskainita egongo da.
Udaleku irekiak bi txandatan antolatuko dira. Lehenengo txanda ekainaren 30etik uztailaren 10era izango da, eta bigarrena, berriz, uztailaren 13tik 24ra. Aisialdian oinarritutako eremu hezitzailea eskaintzea dute helburu udalekuek, eta goizez eskainiko da zerbitzua, 09:30etik 13:00era. Hilabete osorako matrikularen kostua 125 eurokoa da, eta hamabostaldi bakoitzekoa 85 eurokoa. Interesa duten familiek esteka honetan eman dezakete izena.
Udalak azaldu zuenez, 2 urteko haurrei zuzendutako udazaintza zerbitzua jolasean eta adin horretako haurren beharretan oinarritutakoa izango da. Goizez eskainiko da zerbitzua, 09:30etik 13:00era, eta udaleku irekietako txanda berdinetan antolatuko dute. Hilabete osorako matrikularen kostua 150,90 eurokoa da, eta hamabostaldi bakoitzekoa 84,05 eurokoa. Udazaintza zerbitzua hartu nahi dutenek esteka honetan eman beharko dute izena.