'Kolapso' eta 'Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez' antzerkietarako sarrerak, salgai

Maddi Txintxurreta 2026ko apirilaren 15a

'Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez' antzerkiaren irudia.

Apirilaren 24an eta 26an Aita Mari aretoan eskainiko dituzten antzerki emanaldietarako sarrerak salgai daude dagoeneko Zumaiako Udalaren webgunean.

Salgai daude jada hilabete honetan Aita Mari aretoan eskainiko dituzten antzerki emanaldietarako sarrerak. Apirilaren 24an, ostiralez, taularatuko dute Jon Ander Urrestiren Kolapsoa, 20:00etan, eta igande horretan bertan Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez lana, 16:30ean. Ostiraleko emanaldiko sarrerak esteka honetan eros daitezke 6,5 eurotan, eta igandeko antzerkirako txartelak, hemen, 4,35 euroren truk.

Kolapsoa lanak publizitate agentzia batetako hiru kideen ibilerak ditu ardatz. Edozer saltzeko gai dira, den-dena, baita behar ez den hori ere. Despistatuz gero, bi buruko koilara bat salduko dute azkarrago bazkaltzeko balio duela esanda. Edo ohe birakari bat, gauero estresa zentrifugatuko duena. Edozer. Txakurrentzako katiuskak eta arbolentzako aterkiak. Azken orduko eskaera batek, ordea, hankaz gora jarriko du agentzia. Gauza bakar bat saltzea lortu behar dute: gehiago ez erosteko gogoa.

Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez, berriz, antzerkiaren eta liburu aurkezpenaren arteko lan hibrido bat da. Fernando Bernuesen antzezlan batean oinarrituta Harkaitz Canok idatzi eta Isabel Herguerak ilustratutako albuma aurkezteko aitzakian hasiko da antzezlana, eta ipuin baten kontakizunak segituko dio. Alabarekin nola komunikatu ez dakien aita batek paperezko hegazkin bat bidaltzen dio egunero balkoitik agur esateko. Hegazkinetan idatzitako mezuen bidez, aitak literatura-misioak jarriko dizkio alabari, liburuzain zorrotz baten konplizitatearekin argitu ditzan. Horrela, liburuen eta bizitzaren arteko lotura ezagutuko du neskatoak. Urte asko geroago, orain idazlea den alaba, liburutegira itzuliko da bere lehenengo liburuan jaso duen iniziazio-esperientzia hori kontatzeko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide