Zumaiako Udalaren ekimenez, Espainiako Kopako finala ikusteko pantaila erraldoia jarriko dute larunbat gauean Odietan. 21:00etan hasiko dute Realak eta Atletico Madrilek hitzordu handia, Sevillako (Espainia) Cartuja zelaian. Euria egiten badu, Sagarbiden emango dute partida.
Gipuzkoako beste hainbat herritan ere jarriko dute pantaila erraldoia, baina berezia izango da Zumaiaren kasuan, herria repetizioetako ospakizunetan murgilduta egongo baita Realak Sevillan jokatu bitartean. Beraz, herritarrek nahiz bisitariek festa bikoitzaz gozatzeko aukera izango dute.
Alkatea, Sevillara
Denak baina ez dira herrian geldituko. Jakina da santelmoak festa maiteak dituztela zumaiarrek, baina aurtengoan asko izango dira repetizioak galduko dituztenak, Sevillara joateko okasioa lehenetsita. Han izango da Iñaki Ostolaza alkatea ere, baina Realak gonbidatuta hura. Klub txuri-urdinak Gipuzkoako 88 alkateei egin die Sevillara joateko gonbidapena, tartean baita Zumaiakoari ere, eta joatea erabaki du Ostolazak, eskualdeko alkate gehientsuenek egin duten modu berean.