Ion Brakamonte: "Haize berri bat dabil"

Maria Maya Manterola 2026ko apirilaren 19a

Ion Brakamonte.

Bederatzi abestiz osatutako taldearen izen bereko lehen diskoa atera du M I N boskoteak. Ion Brakamonte gitarrista zumaiarra da partaideetako bat, eta elkarrizketa egin zitzaion otsaileko Zumaia Guka aldizkarian.

Noiz eta nola sortu zenuten Min?

Hasiera batean ez zegoen talde bat sortzeko asmorik. 2022aren amaieran, etxean nengoela, gitarra hartu eta ideiak sortzen hasi zitzaizkidan. Pixkanaka konposatzen hasi nintzen, eta etxeko ordenagailu zaharrean lehen grabaketak egiten: gitarra, bateriak programatuz –lan handia izan zen–, eta ondoren, baxua eta teklatua. Abesti mordoa bildu nuen, eta horietatik aukeraketa egin ondoren, estudio batean grabatzeko nahia sortu zitzaidan. Musikari bila hasi nintzen, aspaldiko lagunengana eta ezagunengana joz. Lehen entseguak Hondarribiko [Gipuzkoa] Psilocyben egin genituen, baina bakoitzaren bizi erritmoagatik proiektuak ez zuen aurrera egin. Denborarekin, musikari askok parte hartu dute proiektuan, eta guztiei eskerrak eman nahi dizkiet. Azkenean, 2025eko erdialdean, Min taldea sortu genuen.

Beste proiektu batzuetan aritutako musikariek osatzen duzue taldea, ezta?

Bai, hala da. Taldea ondorengook osatzen dugu: Maite Martiarena (Perlak), Suharri Aranburu (Trini Fox), Jon Sarasketa (The Grace of Dionysus), Ibon Telleria (Ankhar) eta ni neu, Ion Brakamonte (Voltaia).

Estilo desberdinetatik zatozte. Zaila izan al da denen artean zerbait sortzea?

Abestien oinarri instrumentala ia osatuta zegoen, eta entsegu lokalean moldaketak egin genituen. Zailena hitzak sortzea eta ahots doinuak aurkitzea izan da.

Kontzertu bat eskaini duzue jada. Nolakoa izan da publikoaren harrera?

2025eko abenduaren 20an eman genuen lehen kontzertua Zestoako Gaztetxean, Gailu taldearekin batera. Erronka handia izan zen guretzat, entsegu gutxirekin iritsi baikinen, baina esperientzia bikaina izan zen: gaztetxea lepo bete zen eta jendearen harrera zoragarria izan zen. Horrela hasi daiteke!

Diskoa prest duzue eta laster argitaratuko duzue. Urduri al zaudete?

Diskoa 2025eko urrian grabatu genuen Gaztain estudioan, Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean. Prozesu polita izan da eta emaitzarekin gustura gaude. Kezka nagusia sustapenak eta sare sozialen kudeaketak sortzen digu. Dena ondo bidean, diskoa martxoaren hasieran argitaratuko dugu.

Datozen hilabeteetarako zuzenekoak lotuta al dituzue?

Momentuz, otsailaren 7an Azkoitian eta martxoaren 13an Tolosako Bonberenean joko dugu, eta Zumaian ere jotzeko aukera badago.

Haizea dabil aurrerapen abestia da. Zer esan nahi du?

Haizea dabil gizakiaren kontrol nahiari buruzko hausnarketa da. Izan ere, gaur egun, inoiz baino ozenago, munduan haize berri bat dabil. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide