Santelmoak 2026

Eskerrak eman dizkie Lakatzek haur danborradan lagundu dutenei

Juan Luis Romatet 2026ko apirilaren 16a

Haur danborradako irudia. (Julene Sorarrain)

Haur danborrada atera zen pasa den igande eguerdian Zumaiako kaleetara, San Telmo jaietako lehen asteburuan. Elkarte antolatzaileak eskerrak eman dizkie haren antolakuntzan lagundu zuten guztiei. 

Danbor burrunbak entzun ziren pasa den igandean herrian, San Telmo jaietako lehen asteburuan. Eguerdian, haur danborrada aritu zen kalez kale, Sagarbidetik atera eta Beheko plazara arteko kalejiran. Azken urteotan bezala, Lakatz kultur elkarteak antolatu du ekitaldi jendetsua, eta haren antolakuntzan aritu diren lagunei esker mezua bidali nahi izan die.

Honela dio mezuak: 

"Asko dira santelmoetako festetan ekintzak aurrera ateratzeko bere denbora eskaintzen duten pertsonak eta hala gertatzen da haur danborradarekin ere. Lakatz elkarteak haur danborradan lagundu duten orori bere lana eta denbora eskaintzea eskertu nahi die. Batetik, igandean, haur danborradan parte hartu zutenei eta bestetik, astelehenean, egoitzetako erabiltzaileak ekartzen eta eramaten ibili zirenei. Eta nola ez parte hartu zuten haur guztiei, beraiek gabe ez litzatekeelako posible izango. Denon artean lortu zen bi ekintza arrakastatsuak izatea eta espero dugu, era batera edo bestera, denek disfrutatu izana. Espero dugu, datorren urtean elkar ikusteko aukera izango dugula. Mila esker guztiagatik, Lakatz Kultur Elkartea".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide