Irakurzaletasuna sustatzeko hainbat ekitaldi izango da asteon

Maddi Txintxurreta 2026ko apirilaren 20a

Udaleko ordezkariak, literaturari eskainitako astean protagonista izango diren herritar batzuekin batera. (Zumaiako Udala)

Irakurzaletasuna sustatzea helburu, bi liburu aurkezpen, ipuin kontaketa bat eta haur antzerki bat antolatu ditu Zumaiako Udalak datozen egunetarako.

Ostegun honetan Liburuen Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta aitzakia horrekin, irakurzaletasuna nahiz literatura sustatzeko aste osoko egitaraua prestatu du Zumaiako Udalak. Orotara, lau jarduera prestatu ditu; bi liburu aurkezpen, ipuin kontaketa bat eta haur antzerki bat.

Etxeko idazle bik irekiko dute kulturari eskainitako aste berezia. Goiz Eder Iturain zumaiarrak Hamaika irakurtzeko jaioak literatura bilduma zurkeztuko du bihar, 19:00etan, Alondegiko ganbaran. Udalbiltzako Geuretik Sortuak proiektuaren baitan garatutako proiektu horretan, hamaika idazlek, horien artean Iturainek, ipuin bana sortu dute. Ostegunean, halaber, Irune Irureta zumaiarrak Flysch pop-up izeneko albuma aurkeztuko du jendaurrean, 19:00etan, Oxford aretoan.

Gainontzeko bi hitzorduak, berriz, haurrei zuzendutakoak izango dira. Ostiralean Maletan bi ipuin kontakizuna eskainiko du Ixabel Agirresarobek haur liburutegian, 17:30ean. Igandean, azkenik, Ttanttaka taldearen Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez antzerkiaz gozatzeko aukera izango dute umeek, 16:30ean.

Irakurketa, "praktika askatzailea"

Irakurtzen duten zumaiarrak arriskutsuak dira leloa izango du Zumaiako literatur asteak, Stefan Bollmanen Women who read are dangerous liburuaren izenburuari keinu eginez. Izan ere, udalak nabarmendu duenez, irakurzaletasuna "praktika eraldatzaile eta askatzailea" izan da historikoki, "bereziki emakumeentzat eta bazterreko kolektiboentzat, autonomia eta pentsamendu kritikoa garatzeko tresna gisa".

Hori dela eta, irakurketa sustatzea "herritar aktibo, kritiko eta pentsalarien komunitatea sendotzeko" funtsezko bitartekotzat dela baieztatu du, eta helburu horrekin antolatu ditu asteotako jarduerak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide