Oikia inguruan sendabelarrak ezagutzeko txangoa antolatu du Geoparkeak iganderako

Maddi Txintxurreta 2026ko apirilaren 21a

Oikiako Mantzizidor zubia. (Gipuzkoa Natura)

Sendabelarrak identifikatzeko gakoak eta haien onuren inguruko argibideak emango ditu Mentxu Amunate adituak Oikian zehar gidatuko duen bi kilometro inguruko ibilaldian. Sendabelarren bidean izeneko jarduera doakoa izango da, baina beharrezkoa da izena ematea parte hartu ahal izateko. 

Oikia inguruan sendabelarrak ezagutzeko txangoa antolatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak iganderako. Mentxu Amunate adituak gidatuko du bi kilometro inguruko ibilaldia, eta bidean aurkituko dituzten sendabelarrak identifikatzeko gakoak emateaz gain, horien ezaugarriak eta gizakientzako izan ditzaketen onurak azalduko dizkie parte hartzaileei.

10:00etan abiatuko dira oinez Oikiako plazatik, eta hiru ordu inguru iraungo duen txangoan, inguruko zelaiek eta basoek gordetzen dituzten sendabelarrak ezagutuko dituzte parte hartzaileek. Gainera, txangoaren amaieran, Amunategik mokadutxoa prestatuko du landare jangarriak erabilita. 

Jarduera euskaraz eta doakoa izango da, baina gehienez 25 lagunek parte hartzeko tokia egongo da, hortaz, aurrez izena eman beharko dute parte hartu nahi dutenek, esteka honetan edo Zumaiako Turismo Bulegoan (943 14 33 96).

Antzinako ohitura

Geoparkeko arduradunek ohar batean azaldu dutenez, sendabelarren erabilerak munduko kultura guztietako antzinako praktiketan ditu sustraiak, eta ohitura horrek milaka urte ditu. "Gure artean ere hala izan da, eta, gutxi edo asko, denok ezagutzen dugu oinarrizko propietate sendagarriren bat duen landareren bat edo beste. Ondo erabiliz gero, haren konposatu aktiboek —esentzia-olioek, alkaloideek, flabonoideek, taninoek edo erretxinek— sintomak arindu edo gaixotasunak prebenitu ditzakete. Alabaina, gaizki erabilita, edo ezjakintasunez, haien kontsumoak sor ditzakeen arazoak ere ez dira hutsalak", adierazi dute. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide