Egun handia heltzear da. Realak Errege Kopako finala jokatuko du bihar gauean Sevillan (Andaluzia, Espainia) Atletico Madrilen aurka. Talde txuri-urdinak ez du Zumaiako zaletuen faltarik izango, eta herriko realzaleak dagoeneko hasiak dira Sevillara joaten, Realari bultzada ematera.
Zumaiarrek beste era batera ere bultzatu nahi izan ditu Realeko jokalariak hitzordu handi honen aurrean, lehio eta balkoietan txuri-urdinen aldeko banderak jarriz, hain zuzen. Bidabeazpin, Jadarren, Basadin eta Alaien, Paolbidean eta Ardantzabiden. Edonon ikus daitezke Realaren aldeko banderak.
Kopako finala 21:00etan hasiko da bihar, eta hura ikusteko pantaila handia jarriko dute Odieta pilotalekuan. Haren bueltan fan zone bat egokitu dute, eta arratsaldetik aurrera izango dira ekitaldiak.
Egitaraua honako hau izango da:
- 17:30etik 20:30era, puzgarriak.
- 17:30etik 19:30era, aurpegi margoketa.
- 17:30etik 19:30era, DJ dinamizatzailea.
- 19:30etik 21:00etara, txaranga.
- 21:00etatik 23:00etara, finalaren emanaldia.
- 23:00etatik 00:00etara, amaiera festa.
Eguraldiaren iragarpenen arabera, bihar ez du euririk egingo, baina hala egingo balu aipatu fan zonea Sagarbidera mugituko dute.