Olagarro lehor usainarekin itzartu da Zumaia gaur. Urteroko legez, olagarro zopa lehiaketa egin dute goizean Torreberriko aterpean. Aurten guztira 11 parte hartzailek eman dute izena lehiaketan, eta 10:00etan hasita, hiru orduko epea izan dute beraien zopa prestatzeko.
Bitartean, plazan haurrentzako jolasak eta tailerrak izan dira Bizijolasen eskutik, familiako txikienak ere festa giroan murgiltzeko. Aldi berean, Elustondo anai-arrebek trikiti doinuekin alaitu dute goizeko partea.
Behin zopa guztiak amaituta, epaimahaikideak Beheko Plaza elkartean elkartu dira aurtengo proposamenak dastatzeko. Hala, eztabaida luze baten ostean, aurten txapela Txepetxa elkarteko ordezkariek jantzi dute, bi urtez jarraian irabazle izan den Aita Mariren lekua hartuz. Elkarte horrek, hain justu, bigarren postuan amaitu du. Hirugarrena, berriz, Hil ta pakia taldeko bikotea izan da. Sariak banatu ostean, herritarrek ere aurkeztutako zopak dastatzeko aukera izan dute.
Ostiralean jokatutako toka eta igel lehiaketetako sariak ere banatu dituzte goizeko ekitaldian. Tokan, 16 urtetik beherako kategorian, Lur Calvo izan da irabazlea, Oñatz Etxaniz bigarren eta Xuban Garcia hirugarren. Helduetan, txapela Anton Calvok jantzi du, eta bigarren Felipe Lopez izan da.
Igelan, gaztetan, Lur Calvok jantzi du berriro txapela, Iraitz Aizpurua izan da bigarren eta Xuban Garcia hirugarren. Helduetan, berriz, irabazlea Iban Naparra izan da, eta Salbi Belarbide bigarren.
Arratsaldean jarraituko dute ospakizunekin: besteak beste, herri kirol erakustaldia, magia ikuskizuna eta txarangarekin kalejira izango dira. Iluntzean, Realaren partida ikusteko pantaila erraldoia jarriko dute Odietan. Herria festetan murgilduta dago, eta askotariko jarduerak daudenez, ez da fan zonerik egongo.
Gaur, larunbata
- 17:30. Gaztiok Piztu taldeak antolatuta, karropoteoaren kalejira.
- 17:30. Kofradian, Iago Magoaren Etorri eta ikusi.
- 18:00. Odieta, Herri kirol ikuskizuna.
- 18:30. Haurrentzat erromeria Joxe Mendizabalekin.
- 18:30. Iraunkorrak txarangarekin kalejira.
- 21:00. Odieta, futboleko finala (Reala-Atlético) ikusteko pantaila erraldoia. Euria egingo balu, Sagarbiden.
- 22:00-01:00. Kofradia, diskoteka DJ Davila.
- 22:30. Txosnagunea, kontzertuak: Bele, Labar eta Debrass Band.
- 23:00. Torreberri, kontzertuak: Aimarz eta Hazas, GKS eta IASk antolatuta.
