Santelmoak 2026

'Endañeta' harri jasotzailea omendu dute santelmoetako herri kirol erakustaldian

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 19a

Harria jasotzen aritu ziren atzo arratsaldean Mikel Lopetegi Urra, Ainitze Zumeta, Naroa Arruti, Elene Ostolaza eta Beñat Telleria. Aizkoran, bestetik, Ugaitz Mugertza eta Eneko Otaño aritu ziren lehian. Dozenaka herritar elkartu zituen Endañetaren omenez egindako ikuskizunak. 

San Telmo jaien repetizioak ari dira ospatzen Zumaian, eta egitarauaren barruan, herri kirol erakustaldia egin zuten larunbat arratsaldean, Odietan. 

Alde batetik, harria jasotzen aritu ziren Mikel Lopetegi Urra, Ainitze Zumeta eta Naroa Arruti zarauztarrak, baita Elene Ostolaza oriotarra eta Beñat Telleria lasartearra ere. Aizkoran, bestetik, Ugaitz Mugertza mutrikuarra eta Eneko Otaño beizamarra aritu ziren lehian. 

Atzoko ikuskizunean erabilitako harriak, ordea, ez ziren ohikoak izan. Hain justu, erakustaldiarekin batera omenaldia egin nahi izan zioten Jose Manuel Agirre Endañeta harri jasotzaile ospetsuari. Horretarako, 150 kiloko harri angeluzuzena altxatu zuten Urrak eta Telleriak, harri mota hori erabiltzeagatik baitzen ezaguna Endañeta.  

Gaur agurtuko dituzte herriko festa kutunak, eta horretarako, trainerillen estropadak, kontzertuak eta erromeria antolatu dituzte arratsalderako, besteak beste. Gauerdian, berriz, banderaren jaitsiera egingo dute Kofradian.

Gaur, igandea

  • 12:30. Saregile plaza, sardina erreak Zumaiako Herri Eskolako irakasle eta familien eskutik.
  • 17:00. Torreberrin hasita, haur ikuskizun ibiltaria, Zapotxin eta Kita del Pare txaranga.
  • 17:30. Trainerillen estropadak, XLI. San Telmo saria (gizonezkoak) eta XII. San Telmo saria (emakumezkoak).
  • 18:00. Joselontxos txarangaren kalejira.
  • 19:00. Kofradia, Samba Badago taldearen kontzertua.
  • 22:00. Kofradia, Olgetan taldearekin erromeria.
  • Gauerdian, bandera jaistea eta santelmoei agurra.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide