Asteburu honetarako bi mendi irteera antolatu du Indamendi mendi bazkunak, bat korrika egiteko eta bestea oinez. Larunbatean, Urruñatik (Lapurdi) Berarako (Nafarroa) ibilbidea egingo dute korrika, eta nahi duenak Larrun mendia (900 metro) igotzeko aukera izango du. Igandean, berriz, Arabara joko dute, Mantxibio mendira zehazki.
Urruñako Olhette auzotik hasita egingo dute larunbateko korrikaldia. Ibilbideak 19 kilometro eta 1.087 metro inguruko desnibel positiboa du, baina nahi duenak saio laburragoa (14 kilometro eta 893 metroko desnibel positiboa) egiteko aukera izango duela zehaztu dute antolatzaileek. Ohartarazi dutenez, gainera, ibilbideko geldialdiak eta erritmoa taldearen dinamikara egokituko dira. Korrika saioaren amaieran dutxatzeko eta aldatzeko aukera izango dute mendi korrikalariek, eta gero bazkaria egingo dute Berako elkarte batean.
Indamendik autobusa antolatu du larunbateko irteerarako. 07:30ean aterako da Patxita Etxezarreta kaletik, eta antolatzaileei abisatuz gero (indamendi1@gmail.com helbidera idatzita edo 666377442 telefonora deituta), Arroabean geldialdia egingo du.
Autobusaren prezioa 15 eurokoa izango da bazkideentzat, eta 20 euro ordaindu beharko dituzte gainontzekoek. Bazkarirako, halaber, beste 10 euro ordaindu beharko dituzte parte hartzaileek. Indamendiren webgunean eman beharko da izena.
Igandean, Arabara
Igandean, berriz, Izkiko natura parkea ezagutzeko aukera eskainiko du Indamendik. Hain zuzen ere, Durruma Kanpezu (Bernedo, Araba) eta Apilaiz (Arraia-Maeztu, Araba) arteko ibilaldia egindo dute, Peña del Santo (1.037 metro), Muela (1.055 metro), Soila (994 metro) eta Mantxibio (937 metro) tontorrak igota.
Egun osoko ibilbidea izango da igandekoa, eta 17 kilometro eta 730 metroko desnibel positiboa eta 800 metroko desnibel negatiboa ditu. Hortaz, bazkaria motxilan eramatea gomendatu dute antolatzaileek. Halaber, aldatzeko oinetakoak eramatea eskatu dute, autobusa gutxiago zikintzeko.
Irteerarako autobusa 07:30ean aterako da Patxita Etxezarreta kaletik. Bazkide helduek 15 euro ordaintu beharko dituzte, eta bazkide ez direnek, berriz, 20. Haurrek ere parte har dezakete txangoan, eta horiek 5 euro ordaindu beharko dituzte. Esteka honetan eman daiteke irteeran parte hartzeko izena.