Auto jazarpen ikusgarria jazo zen ostiral arratsaldean Zumaiako kaleetan zehar. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailaren arabera, gertakaria 19:30ak aldera izan zen. Bi gizonezkok geldiarazita zegoen auto bati zepoa kendu zioten eta abiada bizian ihes egiten saiatu ziren. Ziztu bizian zihoan autoa ikusita, udaltzainak hura geratzen saitu ziren, baina, geratu beharrean, oldartu egin ziren, eta ihes egin zuten Joxe Mari Korta industriagune aldera.
Egoera zailtzen ari zela ikusita, Ertzaintzari deitu zioten, eta bien artean aritu ziren autoa aurkitu nahian. Ihesean, Estazio auzoraka egin zuten iheslariek, polizia autoak atzetik zituztela. Tren geltoki aurreko zabalgunera heldu ziren, baina gune hark sarbide eta irteera bakarra du, eta ihesaldiarekin ezin izan zuten jarraitu.
Segurtasun sailak jakitera eman duenez, kopilotuak aurre egin zion atxiloketari, eta agenteek bertan atxilotu zuten, "desobedientzia, erresistentzia larria eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua egotzita". Gidaria, bere aldetik, baratze batzuetan ezkutatzen saiatu zen. Beti ere Segurtasun sailaren arabera, atxilotu aurretik hura ere oldartu egin zitzaien agenteei "eta borroka egin zuen". Lehen aipatutako delituengatik eta ausarkeriaz gidatzeagatik bide-segurtasunaren aurkako delitu batengatik atxilotu zuten.