Kubara bidaltzeko oinarrizko produktuen bilketa egingo dute aste honetan

Maddi Txintxurreta

Elikagaiez betetako hainbat poltsa, Etxape zentro sozialistan egindako produktuen bilketa baten ostean. (Utzitakoa)

Kontseilu Sozialistak eta Ikasle Antolakunde Sozialistak oinarrizko produktuen bilketa egingo dute gaurtik larunbatera, Euskadi-Cuba elkartearekin elkarlanean. Kubara bidaliko dituzte jasotako produktuak.

Kubara bidaltzeko oinarrizko produktuak bilduko dituzte aste honetan Zumaian Kontseilu Sozialistak (EHKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS), Euskadi-Cuba elkartearekin elkarlanean. Blokeo inperialistaren aurrean, Kubarekin elkartasuna leloarekin aurkeztu dute kanpaina antolatzaileek, eta gogorarazi dutenez, Kubak, "herrialde sozialista izanik, laguntza eta elkartasuna zabaldu du munduko hainbat tokietara". Orain, Estatu Batuek ezarritako blokeoaren ondorioz, Kuba "muturreko egoeran" dagoela ohartarazi dute, eta aldarrikatu Euskal Herriko langileriari dagokiola Kubako herriarekin elkartasuna antolatzea.

Gaurtik hasi eta larunbatera arte egingo dute bilketa, egunero. Gaurtik ostiralera bitartean Zumaiako Herri Eskolan eta Zumaiena Ikastolan eman ditzakete produktuak herritarrek, eta larunbatean, berriz, Alai auzategiko Eroski supermerkatuaren aurrean, 09:00etatik 13:00etara.

Besteak beste, honako produktuak jasoko dituzte: osasun materiala (botikak, tresna medikoak eta baliabide kirurgikoak, eskularruak eta presebatiboak), higiene materiala (konpresak, toailatxoak nahiz haurrentzako eta helduentzako pixoihalak), garbiketarako produktuak eta materiala (erratzak, oihalak, eskutrapuak, biberoiak garbitzekoak...), elikadura osagarriak (bitaminak, mineralak, gantz-azidoak eta probiotikoak) eta elikagai ez galkorrak (2027ko urtarriletik aurrera iraungiko diren latako jakiak, pasta, lekaleak, esne-hautsa, fruitu lehorrak, olioa eta tomate brikak), kirol materiala (baloiak, pilotak, erraketak, bizikletak eta kirolerako arropa nahiz oinetakoak) eta ikas materiala (arkatzak, boligrafoak, koloretako margoak, txorroskiloak, guraizeak, koadernoak…).

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide