Zumaiako Emakumeon Etxean antolatutako jabetze eskolen barruan, fanzineak egiteko ikastaroa emango dute maiatzean zehar. Maider Leturiaga Angoitia izango da Pim! Pam! Pum! fanzine tailerra jarduerako dinamizatzailea, eta hiru saiotan eskainiko du: maiatzaren 5, 12 eta 19an, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Saioak euskaraz izango dira.
Tailerrean, autoedizioan oinarritutako fanzine bat sortzeko prozesua ezagutuko dute parte hartzaileek: sormen ideiatik hasi, pauso praktikoak jarraitu eta amaierako maketaziora iritsi arte. Helburua da, antolatzaileen arabera, "parte-hartzaileek beren fanzine pertsonal edo kolektiboa modu praktikoan sortzea, nahi duten hizkera grafikoa erabiliz eta sormena piztuz".
Emakumeon Etxetik aditzera eman dutenez, oraindik ere leku libre batzuk geratzen dira. Parte hartu ahal izateko, 633 43 27 62 telefono zenbakira deitu daiteke, edo posta elektronikoko info@zumaiakoemakumeonetxea.eus helbidera idatzi.