Gomazko paletan nahiz erremintan ariko da Zumaia Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketan

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 22a

Donostian aurkeztu zuten atzo 2026. urteko Herriarteko Txapelketa. (GEPF)

Maiatzeko lehen asteburuan hasiko dira Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako partidak, eta erremintako nahiz gomazko paletako txapelketetan parte hartuko dute Zumaiako pilotariek. Zesta puntako txapelketarik ez da izango aurten, bi herrik eman baitute bakarrik izena.

Eskualdeko pilota elkarteek txapelketa ugari izan ohi dituzte urte guztian zehar, baina elkarte guztien artean bereziena ez bada, berezienetako bat da Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) atzo, asteartea, aurkeztu zuen txapelketa Donostian, eta han izan ziren lehian parte hartuko duten elkarteetako zenbait ordezkari. 

Aurtengo edizioan, 24 herrik eman dute izena eskuzko txapelketarako; hamar herrik larruzko paletako zein pala motzeko modalitaterako; eta hemezortzi herrik gomazko paletako txapelketarako. Urola Kosta eskualdeari dagokionean, sei herrik eman dute: Aiak, Azkoitiak, Azpeitiak, Zarautzek, Zestoak eta Zumaiak. Erremintako txapelketan eta gomazko paleta modalitatean ariko dira Zumaiako pilotariak.

Larruzko paleta eta pala motza uztartuko dituen modalitatean jokatuko du Zumaiak, eta final zortzirenetan hasiko du txapelketa, maiatzaren bigarren asteburuan. Zumaiak Oiartzun izango du arerio; etxean jokatuko dute joanekoa, eta etxetik kanpo, itzulerakoa. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide