Txikipediarako musika instrumentuen inguruan egindako lanketa, erakusketa bihurtuta

Juan Luis Romatet 2026ko apirilaren 22a

Zumaiako Herri Eskolako ikasleen bisita izan dute erakusketa irekierarekin batera. (Juan Luis Romatet)

Munduko musika instrumentuen inguruko lanketa egin dute ikasturtean zehar Zumaiako Herri Eskolan Txikipedia elikatzen aritu diren ikasleek. Egindako lanak Alondegiko Oxford aretoan erakutsiko dituzte ostiralera bitartean. 

Urteak daramatzate Zumaiako Herri Eskolako ikasleak, urteko ikasgaien artean, Txikipedia elikatzen. Gai konkretu batzuen inguruko lanketa egiten dute ikasturtean zehar, izan landareak, izan animaliak, eta haiekin elikatzen dute Wikipediak haurrentzako duen txokoa. 

Aurtengoan, mundu mailako musika instrumentuen inguruko lanketa egin dute. Bost kontinenteetan erabiltzen dituzten musika instrumentuen inguruko edukiak sortu dituzte, baita ondoren Txikipediara igo ere. Herri Eskolan musika ikasten ari diren Batxilergoko lehen urteko ikasleek ondu dituzte testuak; haien inguruko ilustrazioak, aldiz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako plastikako ikasleek. Aurreko urteetan marrazkiak egin badituzte, oraingoan collageekin jantzi dituzte artikuluak.

Prozesua, Juan Mari Beltranek Oiartzunen duen Soinuenea herri musikaren txokoarekin elkarlanean gauzatu dute ikasleek. 

Egindako lanak ostiralera bitartean erakutsiko dituzte Alondegiko Oxford aretoan. Gaur goizean zabaldu dute erakusketa, eta arratsaldean 16:00etatik 18:00etara izango da irekita; bihar 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara; eta ostiralean 11:00etatik 13:00etara.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide