Eulen-Amenabarreko txirrindulariak Ixuako maldatan gora Usoa Ostolazak (Laboral Kutxa) jotako erasoari erantzun ahal izan zion, nahiz eta igoerako azken metroetan zarauztarrak tarte txiki bat atera zion. Maite Urteagak eutsi egin zion eta Ixuako gainetik Eibarrera egiten den jaitsieran, Urteagaren ahulgunea izan dena orain arte, ez zion askoz ere denbora gehiago atera Laboral Kutxakoak.
Toribio Etxeberria kalean Usoa Ostolaza azaldu zen aurrena eta ondoren, 14 segundotara Maite Urteaga. Txirrindulari zumaiarra lehenengoz podiumera igo da UCI mailako lasterketa batean; benetan oso garrantzitsua da kirol mailan Maite Urteagak lortutakoa. Garazi Bergara (Zatika) zumaiarrak ere lasterketa bukatzea lortu zuen, 39. sailkatu zen Ostolazarengandik 9 minutura.
Viveros San Antongo juniorrak
Asteburu bete betea izan dute Viveros San Antongo juniorrek. Larunbatean Zegaman oso lasterketa gogorra izan zuten eta igandean ere bai, kasu horretan Lizarran, nazional mailako proban. Zegaman, Lierni, Minas eta Aztiria hiruna aldiz igoaz, Unai Egaña izan zen lasterketa amaitu zuen bakarra; hogeigarren postuan bukatu zuen zumaiarrak . Bosgarren posturako lehiatu zen multzoan zihoan baina amaieran talde horretatik atzeratu zen zen, guztia eman ondoren.
Lizarran, berriz, Lukas Blanco, Jon Berasategi eta Peru Calvo nabarmendu ziren. Lasterketa osoa multzo nagusian osatu zuten, baina helmuga zatian amore eman zuten. Lizarran 86kilometro osatuta, Lukas Blanco 27.a izan zen, irabazlearengandik minutu eta 16 segundora; Jon Berasategi 33., denbora berean; eta Peru Calvo 76., sei minutura. 150 txirrindulari elkartu ziren irteeran, eta helmugara erdiak ailegatu ziren.
Asteburu honetan juniorrek ez dute lasterketarik eta kadeteak izango dira berriz ere lehiatzen. Bi lasterketa dituzte kadeteek: larunbatean Arrespalditzan (Araba) eta igandean Eibarren. Larunbateko lasterketa oso gorabeheratua da, gogorra egingo da amaierarako; Eibarkoaren ezaugarria, aldiz, distantzia da; ibilbidea ez da zaila baina lehenengoz 80 kilometroko muga gaindituko dute kadeteek,eta ez daude luzera honetara ohituta.
Harrobia
Donostian izan zuten Aste Santuko etenaren ondorengo lehen lasterketa benjamin, alebin eta infantilek. Benjaminetan, Aratz Aranburu beste behin nagusitu zen, maila honetan onenetakoa dela erakutsiz berriro ere. Alebinetan, Galder Zumeta laugarren sailkatu zen. Infantiletan, Amaia eta Amalia Agirre buruz buru lehiatu ziren mutilekin eta baita hauek hestu hartu ere. Amaia Agirrek lasterketa seigarren bukatu zuen, lehen neska sailkatua izanik. Asteburu honetan Hernanin izango dute benjamin, alebin eta infantilek lasterketa, bertara Zumaiako Txirrindulari Elkartea hamalau txirrindularirekin joango da.