Antzezlan batek emango dio amaiera aurtengo 'Irakurtzen duten zumaiarrak arriskutsuak dira' zikloari

Juan Luis Romatet 2026ko apirilaren 23a

Harkaitz Canok idatzitako komiki batean oinarritutako Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez antzezlana aurkeztuko dute igande arratsaldean Aita Mari aretoan. 

Irakurzaletasuna sustatzeko egitasmoa jarri du aurten ere martxan Zumaiako Udalak. Liburu aurkezpenak izan dira aurtengo Irakurtzen duten zumaiarrak arriskutsuak dira programaren barruan, baina bukatu, bukatu antzezlan batekin egingo dute. Igande arratsaldean, 16:30ean hasita, Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez izeneko antzezlana ikusi ahal izango da Aita Mari aretoan. 

Alabarekin nola komunikatu ez dakien aita batek literatura-misioak jartzen dizkio alabari, liburuzain zorrotz baten konplizitatearekin argitu ditzan. Horrela, liburuen eta bizitzaren arteko lotura ezagutuko du neska-toak. Urte asko geroago, orain idazlea den alaba, liburutegira itzuliko da bere lehenengo liburuan jaso duen iniziazio-esperientzia hori kontatzeko.

Harkaitz Canok idatzitako album ilustratuan oinariturik, antzerki honek, liburutegiei eta literaturari omenaldia egin nahi die, gazteak literaturaren mundura erakartzeko asmoz.

Sarrerak aurrez eros daitezke sarrerakzumaia.eus webgunean. Egunean bertan aretoko leihatilan ere salgai izango dira.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide