Zumaiako udal langilek bat egin dute ELA eta LAB sindikatuek gaurko deitutako bi orduko lanuztearekin, eta hala, 11:00etatik 13:00etara egin dute protesta. Udaletxe aurrean bildu dira, Udaletako lan baldintzak hemen erabaki lelo zuen pankartaren atzean. Maiatzaren 14rako eta ekainaren 4rako sindikatuek deitu dituzten egun osoko greba egunekin ere bat egingo dute.
Sindikatuen deialdia Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal langile guztientzat izan da, eta bi eskari nagusitan oinarritu dituzte protestak: batetik, udal langileen lan baldintzak ez erabakitzea Madrilen, euskal administrazioan baizik; eta bestetik, Udalhitzeko hitzarmena eguneratzea –Udalhitz euskal toki erakundeetako langileen lan baldintzak arautzen dituen akordioa da– lan baldintzak hobetzeko.
Azaldu dutenez, hitzarmena 2008tik berritu gabe dago, eta gainera, hitzarmeneko puntu batzuk "kendu egin dituzte aldebakarreko erabakiz", esaterako, primak. Langileek eroste ahalmenean izan duten galera ere azpimarratu dute, KPI ere ez dietelako igo soldatetan.
Dena den, bihar bilera egingo du Eudel Euskadiko Udalen Elkarteko Udalhitzen mahai negoziatzaileak, eta posible da gutxieneko akordioetara iristea bi parteak; hala balitz, maiatzeko eta ekaineko greba deialdiak bertan behera utziko lituzkete.