Ikastetxearen atzealdean, Forondako magalean, sortutako Baso magikoak irudikatzen duen eskaintza pedagogikoaren laugarren fasea aurkeztu dute gaur goizean Zumaiena Ikastolan. Hidroponiaren bidez barazkiak ekoizteko programa abiatu dute ikasturte honetan, eta haren berri emateko ekitaldia egin dute. Bertan izan dira, besteak beste, Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko Diputatua eta Aitor Manterola Zumaiako Udaleko hezkuntza, euskara eta kiroletako zinegotzia.
Iazko urtarrilean aurkeztu zuten ikastetxe horren teilatuan Ekolaborategia izeneko proiektua. Ordutik urtebete igarota, haren bueltan egindako lanketaren berri eman dute HH, LH, DBH eta Batxilergoko ikasleek, agintarien aurrean.
Ekolaborategi haren jarraipen gisa ikus daiteke 2025-2026 ikasturtean abiatutako hidroponia proiektua. Barazkiak ekoizteko teknika horrek ez du lurrik erabiltzen –nahiz eta kasu honetan lur pixka bat erabili duten– eta ura ere tamainan. Ikastolako irakasle baten arabera, lanketa hori kurrikulumaren eta programazioaren barruan sartzen da, bereziki garapen jasangarriko prozesuaren eta ekoizpen eta kontsumo arduratsuaren gaietan.
Dagoeneko ekoiztu dituzte lehen barazkiak eta fruituak, letxugak eta marrubiak, eta horietako batzuk ikastetxeko jangelan zerbitzatu dituztela ere adierazi dute ekitaldian.
Aitor Manterola zinegotziak zoriondu egin ditu ikastolako kideak, eta Eduardo Galeano idazlearen hitz batzuk gogoratu ditu: "jende txiki batek leku txiki batean gauza txikiak eginez mundua alda dezake". Bere ustetan, ikastetxean garatutakoa bezala gauza txikiekin alda daiteke mundua.
Jose Ignacio Asensiok, bere aldetik, egindako lanketa baloratu du, eta Zumaiena "aitzindaria eta eredugarria" dela azpimarratu du.