Mailaz igotzea lortu zenutela konturatzean, zer etorri zitzaizuen burura?
Nerea Bernal: Helburua lortu genuela sentitu genuen denok. Momentu oso berezia izan zen, poztasun eta harrotasun handikoa. Denboraldi osoan egindako lan guztia etorri zitzaigun burura.
June Uranga: Bergaran irabaztea, gainera, berezia izan zen guretzat. Izan ere, lehen itzulian galdu genuen han. Horregatik, garaipenak zapore berezia izan zuen.
Presioa sentitu al duzue denboraldian zehar?
N.B.: Hasieratik argi genuen mailaz igotzea zela helburua. Gure artean tentsio pixka bat sortzen zen partida zailak iristen zirenean, baina, batez ere, ilusioa izan da nagusi.
Noiz sinestu zenuten posible zela mailaz igotzea?
J.U.: Hasieratik ikusten genuen aukera bazegoela. Bergararen aurkako porrotak kolpe txiki bat eman zigun, aurkari sendoa zela ikusi genuelako, baina, aldi berean, horrek lanean jarraitzeko motibazio handiagoa sortu zigun.
Partida bakarra galdu duzue denboraldian. Nola bizi zenuten une hura?
N.B.: Amorru pixka bat izan genuen, baina partida oso parekatua izan zen eta ez genituen sentsazio txarrak izan. Pozik geratu ginen egindako lanarekin.
Zer eskatu diozue elkarri denboraldian zehar?
J.U.: Hasierako bileretan argi esan genuen helburua lortzeko konpromiso handia behar zela. Denok ados geunden horrekin; izan ere, gustatzen zaigulako ibiltzen gara eskubaloian. Momentu batzuetan, taldean jokalari gutxirekin geratu gara, baina halakoetan laguntza handia eman digute gazteen taldeko jokalariek.
Zergatik da hain zaila zuen aurka irabaztea?
N.B.: Taldean konfiantza handia dugu. Hasieratik sinistu dugu helburuan, eta elkarri emandako babesak asko lagundu digu momentu zailetan.
Nola eraiki duzue konfiantza hori?
J.U.: Entrenatzaileak eta kapitainak garrantzitsuak izan dira erabakiak hartzerakoan, eta horiek taldearen iritzia kontuan hartuta jardun dute beti. Horrek kohesioa indartu du. Kantxatik kanpoko giroak ere lagundu du, bestalde: afariek eta elkarrekin pasatutako denborak taldea sendotu dute.
Zer esan nahi du Pulporekin lehen mailara igotzeak?
N.B.: Klubak hasieratik sinestu du gugan eta babesa eman digu. Lubakin sortzen den giroa ere nabarmentzekoa da, askotan sentitu baitugu zaleen bultzada kantxan. Bestalde, oso garrantzitsua izan da gurasoen rola ere, momentu zailenetan beti ondoan izan ditugulako.
Non zaudete orain, helmugan ala abiapuntuan?
J.U.: Hasieran helmuga bezala ikusten genuen mailaz igotzea, baina orain argi dugu abiapuntua dela eta hazten jarraitu nahi dugula.
Zein izango da lehen mailako erronka handiena?
N.B.: Talde oso gaztea gara, eta lehen mailan esperientzia handiko taldeak egongo dira. Beste taldeekin alderatuta, horretan egongo da alde handiena seguruenik.
Zer dago igoera lortzearen atzean?
J.U.: Helburuan sinestea, klubaren babesa, eta, batez ere, taldean sortu dugun giro ona. •