Gerrak. Genozidioak. Klima larrialdia. Pantailak jendearen artean distantzia jartzen. Sare sozialetan gorrotoa eta gezurra. Etxebizitzaren eta alokairuen prezioak gora eta gora. Langile gazteen (eta ez hain gazteen) prekarietatea. Desberdintasun ekonomiko gero eta handiagoak. Denda txikien krisia. Osasun eta hezkuntza sistema publikoen ahultzea eta pribatizazioa. Euskararen aurkako oldarraldi judiziala. Hori guztia hor dago. Egunero. Baina ni Zumaiak sendatzen nau, ezinegona arintzen dit. Urtaro ezberdinak gozatzeko aukera: eguzkia, euria, haizea, elurra batzuetan, hotza, beroa, giro epela.
Ea denon artean gure ondorengoei bermatzen diegun Zumaian gustura bizitzeko aukera
Itsasoa, mendia. Mendia, itsasoa. Olatu ikaragarriak daudenean, argazkia egin beharrik ez dagoela sentitzea, bai baitakigu aukera gehiago izango ditugula olatuei begira egoteko. Eguzkia itsasoan sartzen deneko Itzurungo ilunabarra. Eguzkia itsasoan sartzen ez deneko Itzurungo ilunabarra. Santiago hondartzako siestak udaberriko egun eguzkitsu epeletan. Algorriko itsaslabarrean goroldio usaindun ibilaldiak. Bakarrik. Paol puntan egonaldia, momentuko hausnarketei denbora emanez. Abaskaleko eskaileratan bainua. Zubietatik uretara salto egitea. Amaiako plazan edo arranplako petrilean pipa jana. Gaueko isiltasunean kirol portuko belaontzien masten txin-txin hotsa. Elorriagako buelta, Askizuko buelta, Sanmigeleko buelta... astegun bateko arratsalde arrunt batean. San Migelen edo Askizun pilotan jokatzea. Euritan saltaka egitea Getariarako bidean. Zu bezalako korrikalari zoriontsu bat aurkitzea bidean eta elkarri konplizitate keinu bat egitea. Iluntzean, afaldu ondoren, bueltatxoa ematea. Kalean aurpegi ezagunak topatzea. "Epa!" esan eta aurrera egitea. "Aspaldiko!" esan eta berriketan geratzea. Adin ezberdinetako jendea ezagutzea. Gurasoenera bisita egitea kariño pixkat eman eta jasotzeko, eta, seguruena, pintxoren bat ardo batekin konpartitzeko. Seme-alabak kalean lasai dabiltzala jakitea. Seme-alabek kalean bizitza zer den ikasteko aukera izatea. Kirol talde, kultur talde, giza talde... aukera ezberdinak ditugula jakitea. Kiroldegia (eskubaloi pista bat gehiago behar dugu lehenbailehen!), anbulatorioa, ikastetxeak, trena, autobusa, dendak, tabernak, herrian bertan edukitzea. Kabin kaña bat hartzea. Edo bi, gustuko norbait topatu duzulako. Santelmoak. Repetizioak.
Kontzertuak txosnetan, Torreberrin, Amaiako plazan. Kontzertuak, a sekas. Udako festak: Gala eguna, Euskal Jaia, kuadrilen eguna, Sanbartolomeak Oikian, Olagarro eguna. Kintoak. Gauza batzuek bere horretan jarraitzea. Eta beste batzuk, zorionez, hobera aldatzea. Hori guztia ere hor dago. Egunero. Momentu txiki zoragarri asko. Egun arrunt eder asko. Momentu eta egun horiekin, pixkanaka, bizitza oso bat osatzeko aukera dugu. Bai, gustora bizi naiz Zumaian. Gauzak hobeto egon daitezkela gure herrian? Bai, noski, baina baita okerrago ere. Ea denon artean gure ondorengoei bermatzen diegun Zumaian gustura bizitzeko aukera.