Abian da Zumaiako Udalak eta Distira argazki elkarteak Juan Jose Azkueren omenez antolatzen duten Zuri-beltzezko Argazki Lehiaketaren 38. edizioa. Parte hartu nahi dutenek aurkez ditzakete beren zuri-beltzezko argazkiak, eta ekainaren 15ean itxiko dute izena emateko epea. Argizaiola lehiaketako sailkapenerako baliagarria izango da Zumaiako sariketa.
Ondokoak dira lehiaketaren oinarriak:
- Edozein argazkizalek har dezake parte.
- Modalitatea: artxibo digitalak.
- Parte-hartzaileko lau lan gehienez. Ezin izango da aurkeztu 2025/01/01 baino lehen lehiaketaren batean saritutako argazkirik.
- Sekzioak: monokromoa. Gaia: librea.
- Nola parte hartu: Internet bidez. Izen-ematea, irudien bidalketa, eta parte hartzeko ordainketa Distiraren webgunearen bidez egingo dira, hango programa informatikoaren argibideei jarraituz.
- Formatua: JPG. 1920 pixel alderik luzeenean, 71ppp-ko bereizmena. Kolore eremua sRGB izatea gomendatzen dugu. Artxiboek ezingo dute 1Mb baino handiagoa izan.
Horrez gain, artxibo bera eskatzen da bereizmen handian, erakusketarako hautatutako lanak inprimatu ahal izateko: JPG, 4000 pixel alderik luzeenean, 254ppp, sRGB kolore eremua izatea gomendatzen dute. Fitxategiek ezin dute 3Mb baino gehiago izan.
- Parte hartzeko ordainketa: 10 euro egileko, aurkeztutako argazki kopurua edozein dela ere. Ordainketa PayPal bidez egin beharko da, esteka honetan edo Distiraren webguneko inprimakitik, hango programa informatikoaren urratsei jarraituz.
- Izen-emate epea: 2026ko ekainaren 15a.
- Epaimahaia argazki munduko hiru pertsona adituk osatuko dute, eta haien erabakia aldaezina izango da. Erabakia 2026ko uztailaren 1ean emango da jakitera.
- Sariak.
- 1. saria: 600 euro eta XXXVII. lehiaketako argazki-katalogoa.
- 2. saria: 300 euro.
- 3. saria: 200 euro.
- Lehen zumaiarrari saria: 250 euro.
- Parte-hartzaileek ezingo dute sari bat baino gehiago eskuratu.
- Dirutan jasotako sariei legez ezarritako atxikipenak egingo zaizkie.
- Saritutako lanak Zumaiako Udalaren esku geratuko dira, eta honek argitalpen eta erreprodukzio eskubidea izango du, betiere egilearen izena aipatuta.
- Erakusketa. Ahalik eta hedapen handiena emateko, erakusketa bat antolatuko dute Alondegia kultur etxean, epaimahaiak hautatutako 36 argazki onenekin, irailaren 11tik 18, lanak 40x50 zm-ko markotan ipinita, egilearen izenarekin batera.
- Katalogoa. Erakusketarako hautatutako lanekin katalogo bat egingo dute, eta Distiraren webgunetik jaitsi ahal izango da. Katalogoko argazkietan irudi bakoitzaren egilearen izena agertuko da.