Geuretik sortuak programaren erakusketa, Oxforden ikusgai igandera arte

Juan Luis Romatet 2026ko apirilaren 29a

Erakusketako panel batzuk. (Juan Luis Romatet)

Udalbiltzak Geuretik sortuak programaren bidez lagundutako proiektuen berri ematen duen erakusketa ikusgai izango da igandera arte Alondegiko Oxford aretoan. 

Literaturako, antzerkigintzako, ikus-entzunetakoen eta komikigintzako proiektuak lagundu ditu diruz aurten ere Udalbiltzak, Geuretik sortuak programari esker. Bekak jaso dituzten sortzaileek Euskal Herriko herri edo eskualde jakin batzuetan egin behar izan dute beraien sormen lanak. Sortzaile horietako bat izan da, adibidez, Goiz Eder Iturain zumaiarra, literaturako arloan.

Diruz lagundutako proiektuen berri ematen den erakusketa ikusgai dago astelehenetik Alondegiko Oxford aretoan. Panelen bidez, sortzaileen inguruko informazioa, egonaldia egindako lekuaren inguruko xehetasunak, eta sormen prozesuaren ondoren egindako lanen berri ematen du. 

Erakusketa igande arratsaldera arte bisitatu ahal izango da, 18:00etatik 20:00etara. Ostiralean, larunbatean eta igandean eguerditan ere zabalik izango da, 12:30etik 14:00etara. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide