Turismo sektoreari zuzendutako adimen artifizialaren inguruko tailerrak antolatu ditu UKUEk

Juan Luis Romatet 2026ko apirilaren 30a

(untourism.int)

Bi tailer praktiko antolatu ditu mankomunitateak, eta maiatzaren 13an eta 20an izango dira. Interesdunek aurrez izena eman beharko dute. 

Turismo sektoreari bideratutako adimen artifizialaren (AA) inguruko bi tailer praktiko eskainiko ditu Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) maiatzean, mankomunitateak Zarautzen duen egoitzan. Prestakuntza eskaintza hori Talentur programaren barruan sartzen da, eta eskualdeko turismo sektoreko eragileei zuzenduta dago, eta helburua izango du "enpresei tresna eraginkorrak eskaintzea beren eguneroko kudeaketa errazteko, denbora aurrezteko eta lehiakortasuna handitzeko".

Maiatzaren 13an emango dute lehen tailerra eta izena Agentzia Inteligentea: marketinean aditu birtual bat sortu izango du. Tailer horretan parte-hartzaileek marketin-estrategiak eta eduki digitalak kudeatzeko laguntzaile adimentsu bat sortzen ikasiko dute. Antolatzaileen arabera, testuen sorkuntza automatikoa, irudi eta bideoen optimizazioa eta sare sozialetarako edukien plangintza landuko dute bertan. Amaieran, berriz, parte-hartzaileek beren negoziorako egokitutako sistema bat eskuratuko dute. 

Astebete geroago egingo dute bigarren tailerra, maiatzaren 20an, AA agentea: produktibitatea handitu Google Workspace-n izenarekin. Kasu horretan, posta elektronikoa eta kalkulu-orriak bezalako tresnak automatizatzeko teknikak erakutsiko zaie parte hartzaileei. Tailerraren amaieran, fakturazio-sistema automatizatu bat eta iritziak kudeatzeko tresna bat izango dituzte.

Tailerretan parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea, formulario hau betez.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide