Endañetatik Saskatera: bizitza oso bat, amama

Zoihartze Osa 2026ko maiatzaren 1a

Pilar Aizpurua. (Utzitakoa)

Maiatzaren Lehenean, Langileon Nazioarteko Egunean, langile klasearen borroka eta memoria lehen lerroan jartzen ditugun honetan, ezinbestean begirada memoria horri berari zuzentzen zaio. Eta horretan, badira sarri itzalean geratu diren eskuak, gure oroimenean iraun arren ez beti behar bezala aitortuak: egunerokoa eusten dutenak, zaratarik gabe baina etengabe aritu direnak.

Gaur, aitortza hori haiei eskaintzeko eguna ere bada; ikusezina dirudien lanari izena, aurpegia eta balioa emateko unea. Izan ere, langile klasearen historia ez da soilik fabriken edo hirietako lanarena: baserrietan ere idatzi da, lurra lantzen eta bizitza sostengatzen aritu diren emakume langileen eskuetan, askotan isilean baina ezinbesteko izan diren horietan.

Gaurko aitortzak izen propio bat du: Pilar Aizpurua. Gure amama, gure ama. 87 urterekin hil da, eta 87 urte eman ditu baserrian, lurrarekin lotuta, bizitza oso bat isilean baina sendo eraikitzen. Endañeta baserrian jaio zen, Saskate baserrira ezkondu, eta bertan itzali da bere bizitza, ziklo oso bat osatuz.

Batzuek Goiko Plazako irudia gordeko dute gogoan: astoaren gainean, marmita bete esne eramaten zuenekoa. Beste batzuek, patata, tipula eta esnea etxeraino eramaten zizkien emakumea izango dute buruan. Nire belaunaldikoek, berriz, Agerre bankuko amama bezala ere ezagutuko dute agian; elorrixara bidean, eguzkia hartzen, kontu kontari ibiltzen zen amama. Beharbada, zuetako batzuei inoiz zerbait galdetu zizuen.

Emakume gogorra, indartsua, langilea, zaintzailea, laguna, burugogorra, elizkoia, ama eta amama.

Baina Pilar hori guztia eta gehiago izan zen. Ezkutuan geratzen diren ehunka lan egin zituen, egunerokoaren oinarri direnak baina sarritan aitortzen ez direnak: zaindu, landu, bildu, prestatu, sostengatu. Eta, aldi berean, plazandrea ere izan zen; komunitatean presente, harremanetan, bizitza partekatzen.

Bere bizitzak emakume baserritarren ispilu garbi bat eskaintzen digu: isilean lan egin arren, funtsezkoak diren emakumeena. Langile klasearen parte dira, askotan izenik eta aitortzarik gabe, baina ezinbesteko ekarpena eginez. Indarra eta kemena, eguneroko nekean eta maitasunean uztartzen dituztenena. Haien jakintza, haien lan isila eta haien presentzia gabe, ez litzateke posible gaur ezagutzen dugun mundu hau.

Horregatik, Pilarren bidez, emakume baserritar guztiei egiten diet aitortza gaur. Ezinbestekoak izan direlako. Isilik egon arren, historia idatzi dutelako eta idatziko diegulako. Ziurrenik, historia liburuetan ez da beraien izenik idatziko, baina gaur, beraien ekarpena idatzita gelditzeko ahalegina egin dugu. Eta noski, gure baitan, betiko bizirik jarraituko dutelako.

Haien eskuen arrastoak gure etorkizunaren zimendu direlako.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide