HAPOari behin-behineko onarpena eman dio udalbatzak, EH Bilduren botoekin

Juan Luis Romatet 2026ko maiatzaren 1a

EH Bilduko zinegotziak HAPOren proposamenari aldeko botoak ematen. (Juan Luis Romatet)

EAJko eta PSE-EEko zinegotziek aurkako botoa eman zioten atzo arratsaldean egindako apirileko ohiko udalbatzarrera eramandako proposamenari. Horrek eztabaida piztu zuen udal ordezkarien artean. 

Hirigintza aldetik datozen urteetarako Zumaia irudikatzea xede duen Hiri Antolamendu Plan Orokorra (HAPO) aztertu eta bozkatu zuten atzo arratsaldean Zumaiako udaletxeko pleno aretoan egindako apirileko ohiko udalbatzarrean. Hori izan zen saioko gai nagusia, eta horri eskaini zioten hautetsiek bi ordu iraun zuen bilkurako denbora gehiena.

Dokumentua behin-behinean onartu behar zuten atzo, eta hori osatze aldera egindako pausoen berri eman zuen Iñaki Ostolaza alkateak. Gogoratu zuen HAPOa diseinatzeko prozesua 2020an abiatu zutela, eta  aurretik arau subsidiarioak besterik ez zituela Zumaiak, 2004. urtekoak. Esan zuen bide horretan herritarrei eman zitzaiela aukera “udalerriko beharrak biltzeko eta eztabaidatzeko”, eta prozesu hartan 233 pertsonak parte hartu izana ere txalotu zuen alkateak.

Ekarpen haiekin irizpideak eta helburuak biltzen zituen txostena osatu zutela ere gogoratu zuen, baita goraipatu ere aho batez onartu zutela 2022ko urtarrilean egindako osoko bilkuran. Plana idaztearen ardura Erdu enpresak hartu zuela ere azaldu zuen Ostolazak, behin lehiaketa irabazi eta gero, eta sektoreko ekarpenak jaso ondoren, 2024ko abenduko udalbatzarrera eraman zutela ere adierazi zuen, hasierako onespena jaso ahal izateko. 2022ko bilkuran ez bezala, dokumentuari hasierako onespena ematerakoan aurka bozkatu zuen duela bi urte EAJk, eta PSE-EE abstenitu egin zen. Udal gobernua osatzen duten EH Bilduko hautetsien botoak tarteko eman zioten HAPOari lehen onespena, eta alegazioak aurkezteko epean 47 helegite jaso zituzten.

Atzo aztertutako proposamenak “hiru ardatz” dituela ere aipatu zuen alkateak, hala nola “etxebizitza, jarduera ekonomikoa eta ekipamenduak zein espazio publikoa”. Eta horiek hainbat zeharlerrotan antolatu dituzte, alkatearen esanetan: “Jasangarritasuna, ingurumenaren kontserbazioa, inklusibitatea, berdintasuna, ondarearen babesa eta euskara”.  

Etxebizitzei dagokienez, planak Zumaian 863 etxebizitza egitea jasotzen duela esan zuen alkateak, “horietatik 680 berriak eta horien %60 babestuak”. Alokairu sozialera 185 etxebizitza bideratu nahi dituztela ere adierazi zuen Ostolazak, 150 Puntanoetan eta beste 35 Aita Marin; azken horiek Eusko Jaurlaritzarekin aurreikusten den hitzarmenari esker.  

Alkatearen aburuz, “Zumaia irudikatuko duen plana” denen artean osatu dute, eta “herri proiektua” dela eta denen babesa izatea “ezinbestekoa” dela gaineratu zuen.  

Oposizioa aurka 

Zumaiako alkatearen gogoa edo desioa ez zen bete, ordea, oposizioko bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, aurka bozkatu zutelako. EAJren izenean, Xabier Odriozola zinegotziak hartu zuen hitza, baita bere alderdiko hautetsien botoa zein izango zen aurreratu ere. “Ezezko botoa emango dugu, eredu horrek ez duelako epe ertainerako eta luzerako soluziorik ematen”. Bilkurara eramandako proposamenaren epea ere kritikatu zuen zinegotzi jeltzaleak. “Zortzi urtera begira egindako plana da, eta hori akatsa da, [urte horiek pasatu eta gero] berriro berritu beharko delako”. Plana datozen hamabi edo hambost urtera begira egitea proposatu zuen hark jarraian. 

Etxebizitza krisialdia bizitzen ari garela gogoratu zuen hark, gainera, eta plana epe ertain-luzera begira jarrita, etxebizitza kopuru handiagoa egin daitekeela ondorioztatu zuen. Adibide batzuk ere jarri zituen Odriozolak: “Aurkeztutako planak 863 etxebizitza berri egitea jasotzen du, baina plan hori hamabost urtera begira egingo bagenu, 1.300 etxebizitza berri egiteko aukera egongo litzatekeela uste dugu. Hau da, epe ertain-luzean ia 500 etxebizitza berri gehiago egiteko aukera egongo litzateke”.  

Babes publikoko etxebizitzak ere hizpide izan zituen EAJren bozeramaileak. Gogoratu zuen tentsiopeko gune izendatuta dagoela Zumaia, eta izendapen horren arabera, “20 urteko epean babes publikoko etxebizitzen parkeak %20koa izan behar duela”, beti ere herriko etxebizitza kopuruarekin alderatuta. Kontrako botoa iragarri bazuen ere, “elkarlanerako prest” zeudela ere adierazi zien Odriozolak udal gobernuko kideei.  

Jeltzaleen jarrerarekin kritiko agertu ziren EH Bilduren udal gobernuko kideak. EAJk defendatutako 1.300 etxebizitza berri egiteko planteamenduari dagokionez, Argi Yeregi Hirigintza zinegotziak gogoratu zuen legediak “gehienez” 1.180 etxebizitza berri egitea baimentzen duela. Plana onartzeko denborei dagokienez, “epea beti mahai gainean egon” dela ere esan zuen: “Etxebizitza horiek egitea beharrezkoa bada, nola esan behar diezue herritarrei [prozesu] dena berriro hasi behar dela?”. 

Iñaki Ostolazaren iritziz, EAJren aurkako bozak etxebizitza kopuruan eta plana zortzi ala hamabost-hogei urteko epekoa izatean oinarritzen dira. “Epearen dikotomia” mahai gainean egon dela gogoratu zuen hark, eta dokumentua idatzi duen Erdu enpresaren plangintza hogei urtera luzatu daitekeela azaldu ere bai. “Akaso ezagutzen al duzue zortzi urte besterik iraun duen planik? Hori ezinezkoa da”, esan zuen alkateak. 

Ereduaren inguruan jeltzaleek adierazitakoarekin oso kritiko agertu zen Ostolaza. “Ereduarekin ez zaudetela ados esan duzue. Eredu hori irizpideetan eta helburuetan finkatzen zen, eta haiekin ados zineten…”, esan zuen. Planaren aurrerakina osatzerako orduan Oier Korta eta Ricardo Peña EAJko alkate ohiekin ere bildu zirela esan zuen alkateak, “eta gai horiek guztiak mahai gainean jarri zituztela. “Orduan esan zen non egin zitezkeen etorkizuneko bizitokiak”, erantsi zuen, eta EAJko zinegotziei zuzenduta, zera esan zuen Ostolazak: “Eredua orduan finkatu zen eta EAJ ados zegoen. Noiz eta zeinek erabaki du orain ereduak ez duela balio?”. 

Xabier Odriozolak berriro hartu zuen hitza, eredu hitza erabiltzen zutenean “epeaz eta denboraz” ari zirela esanez. Onartu zuen helburuei baietza eman zietela, baina HAPOa “beste gauza bat” dela eta ez daudela denarekin ados adierazi zuen.

Sozialisten ezezkoa 

HAPOaren proposamenak alderdi sozialistaren babesik ere ez zuen jaso atzo. Hitza hartzean, Duñike Agirrezabalaga PSE-EEko zinegotziak gogoan izan zuen Zumaiak bizi duen arazo handienetakoa etxebizitzarena dela. "Jabetzen naiz arazoaren konponbidea ez dela erraza, eta formula ere ezin duela udalak bakarrik eskaini”. Zumaia kostaldean egonik eta herri turistikoa izanik, soluzioa konplexuagoa dela ere esan zuen zinegotziak.  

Proposamena diseinatzeko orduan alderdi sozialistak alegazio bat aurkeztu zuela ere azaldu zuen Agirrezabalagak, Guascor inguruko [Santiagon dagoen eraikin hutsa] lursaila bizitegi lurzoru bihurtzeko eta “bizitegi erabilerako espazio bat irabazteko”. 

Etxebizitzarekin jarraituta, Puntanoetan eta Aita Marin aurreikusitako garapenekin bat zetorrela esan zuen Agirrezabalagak, baina arlo horretako beste garapenei dagokienez, kanpoaldean zentratu baino, bizitegi gunetik gertuen dagoen eremua okupatzearen alde agertu zen.  

Udal gobernuak aurkeztutako proposamena “kontserbadorea eta kontinuista” dela esan eta gero, botoa ematerakoan proposamenaren aurka bozkatuko zuela esan zuen: “Batez ere, talde sozialistak aurkeztutako alegazioa ukatu egin delako. Dena den, horrek ez du esan nahi etorkizunean ez dugunik babestuko HAPOan jaso diren proiektu batzuen garapena”. Guascorren etxeak ez egitearen arrazoia adierazi zitzaiola esan zion Ostolazak. Hala azaldu zuen: “Hiriaren jarraipenean eten bat dago, eta beste bizitegi berri bat sortuko litzateke, Santiagora bidean, eta ez geunden horrekin ados”.  

Jeltzaleek zein sozialistek elkarlanerako adierazitako borondateari dagokionez, Ostolazak gogorarazi zien behin-behineko onarpena jaso eta gero, ezinezkoa dela alegazioak aurkeztea. “Hori jakinda, zer adostasunetara heldu behar gara?”, esan zuen alkateak. Bozkatzeko orduan, HAPOaren proposamenak bederatzi aldeko boto jaso zituen, EH Bilduko zinegotzienak, hain zuzen; EAJk (sei) eta PSE-EEk (bat) aurka bozkatu zuten.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide