Langileen aldeko politiken beharra aldarrikatu du LABek gaur Zumaian egin duen ekitaldian

Juan Luis Romatet 2026ko maiatzaren 1a

Langileen Nazioarteko Eguna da gaur, eta Zumaiako aukeratu du LAB sindikatuak Urola Kosta eskualdeko ekitaldia egiteko. Manifestazioan atera dira sindikatuko kideak eta jarraitzaileak, eta Eusebio Gurrutxaga plazan egin dute ekitaldia.

Maiatzaren 1a da gaur, Langileen Nazioarteko Eguna. Euskal Herri osoan egingo dituzte eragile desberdinak egun horri lotutako ekintzak. LAB sindikatuak Zumaiako aukeratu du aurten Urola Kostako eskualdeko manifestazioa egiteko. 

Eguerdiko 12:00ak jotzear zirela hasi dira sindikatuko kideak eta jarraitzaileak Eusebio Gurrutxaga plazara. Minutu batzuk geroago habiatu da manifestazioa, eta Poligonoak, moila eta Amaiako plaza zeharkatu eta gero, Erriberan barrena bueltatu dira plazara, ekitaldi politikoa egitera. Bidean zehar langileen, euskal presoen edota Euskal Herriaren independentziaren leloak entzun dira.

LABen Urola Kostako ordezkari Andoni Murgak hartu du hitza. Aurtengo mobilizazioen leloa Langileok eragin dela adierazi du Murgak, eta langileen eskubideen aldeko borrokan eragiten ari direla goraipatu du. "Hor dago LAB, lantokiz lantoki, herriz herri, jo eta su bizitza duinaren defentsan Euskal Herri aske eta sozialista baten alde borrokan", adierazi du. 

Preso, iheslari eta deportatu politikoak gogoan izan ditu, baita mundu mailako langileak ere, izan Kubakoak, Saharakoak edo Palestinakoak. "Injerentzien aurrean, guk burujabetza eta herritarren ongizatean defendatuko ditugu", jarraitu du ordezkariak. 

Une honetan eskualde mailan lan gatazkak bizi dituzten enpresak ere gogoan izan ditu, izan Sidenor, Juaristi, Aiteken edo Estaños Matiena. "Gure sare industriala etenik ez duen lanpostuen galerarekin eta enpresa itxierekin odolusten ari dira", salatu du eta goraipatu du "euren lan baldintzen defentsan borrokan ari diren langileak".

Langileen aldeko politikak behar dituztela gaineratu du, "enplegua, zaintza lanak eta ondasuna banatzeko politikak", alegia. Zentzu horretan, zerbitzu publikoak sendotzearen aldeko mezua luzatu du, "hezkuntza, osasuna eta zaintza eskubidea bermatzeko". Euskara jasaten ari den oldarraldia ere gogoratu du, eta haren tamainako erantzuna behar duela esan du. Feministak, pentsiodunak eta gazteak ere gogoan izan ditu Murgak bere hitzartzean. 

LABetik "sindikalismo borrokalari, independentista, feminista eta antiarrazista garatzen" jarraituko dutela ere adierazi du Murgak, gaineratuz, bere esanetan, "langileen errealitateari hobekien erantzuten dion sindikatua" dela. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide