Zumaia eta Donostia arteko trenak urte osoan ordu erdiro egotea eskatu du udalbatzak

Juan Luis Romatet 2026ko maiatzaren 2a

Euskotreneko tren bat. (Euskotren)

Lanegunetan 30 minutuz behin izaten dira Donostia eta Zumaia arteko trenak, baina asteburuetan, udan izan ezik, orduro. Larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan ere trenak ordu erdiro izatea eskatu du Zumaiako Udaleko udalbatzak.

Euskotreni zuzendutako mozio bat onartu zuen Zumaiako Udalak joan zen ostegunean egindako apirileko ohiko udalbatzarrean. Donostia eta Zumaia arteko trenak urte osoan zehar ordu erdiro egotea eskatu dio udalak Euskotreni dokumentu horren bidez. 

Gaur-gaurkoz, bi maiztasunekin izaten dira trenak Zumaia eta Donostia artean. Lanegunetan, 30 minutuan behin egoten dira trenak bi noranzkoetan; asteburuetan eta jaiegunetan, berriz, udan izan ezik, orduro eskaintzen dituzte zerbitzuak. 

Mozioan jaso dutenez, azken urteetan "apirilaren hasieratik ikusi den bezala", tren asko gainezka joaten dira, horrek sortzen dituen ondorio kaltegarriekin. Horren adibide da joan zen apirilean Osakidetzako zerbitzuek erabiltzaileak artatu behar izan zituztela tren barruko pilaketen ondorioz. Bestalde, erabiltzaile batzuek hurrengo trenera arte zain egon behar izan dute asteburuetan, Bilbotik heldutako trenak nahikoa ez zirelako. 

Gizarte eta turismo ereduak aldatu direla eta, gero eta jende gehiagok erabiltzen du garraio publikoa. Aldi berean, mozioan jaso dutenez, garraio publikoari lotuta indarrean dauden deskontuek ere asko handitu dute erabiltzaile kopurua. 

Zumaiako udalbatzaren iritziz, kostaldeko trenaren zerbitzua "nabarmen" hobetuko luke obrarik behar ez duen aldaketa batek: Gipuzkoan Zumaiaraino iristen den kostaldeko trenaren linean lanegunetako 30 minutuko maiztasuna urgentziaz ezartzea urte osoko larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan ere, goizez eta arratsaldez.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide