Itsasadarreko txalupa zerbitzua Mugi txartelarekin ordaindu ahal izango da aurrerantzean

Juan Luis Romatet 2026ko maiatzaren 3a

Itsasadarreko txalupa zerbitzua.

Moila, Sarauneko zabalgunea eta Santiago hondartza lotzen dituen txalupen bidaiak Mugi txartelarekin ordaintzea onartu du udalbatzak. Alkateak argitu du datafonoak heldu arte orain arteko tarifak aplikatuko direla.

Urolaren itsasadarrean lan egiten duten txalupen ordainketa sistema aldatzea aztertu zuten pasa den ostegunean egindako apirileko ohiko plenoan. Hala, aurrerantzean Mugi txartelarekin ordaindu ahal izango dira aurrerantzean txalupa bidez egindako bidaiak. Proposamena ahobatez onartu zuen udalbatzak.

Iñaki Ostolaza alkateak bilkuran azaldu zuenaren arabera, zailtasunak izan ziren orain arteko tarifak aldundiak planteatzen dituenarekin lotzerako orduan. Behin Garraio Zuzendaritzak onartu eta gero, udalbatzaren oniritzia behar zen, eta hala jaso zuen osteguneko bilkuran.

Alkateak argitu zuen, baita ere, Mugi txartela erabili ahal izateko datafono berriak beharko direla, eta horiek ekartzea aldundiaren esku dagoela. Gaineratu zuen aipatu datafonoak heltzean hasiko direla tarifa eta ordainketa sistema berriak aplikatzen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide