Eulali Alberdi hil da, Forondako zaindari abegikorra

Maddi Txintxurreta 2026ko maiatzaren 5a

Eulali Alberdi

Igandean hil zen Eulalia Alberdi, urte luzez Forondan bizi izan zen eta eraikin hori zaintzeko ardura izan zuen itziartarra. 

Eulalia Alberdi (Itziar, 1937) Foronda Kultur Etxeko etxebizitzan bizi izan zen, eta hamasei urtez, eraikin historiko hori nahiz bertara agertzen ziren herritarrak mimoz zaindu zituen. Maiatzaren 3an hil zen, igandearekin, 88 urte zituela.

Itziartarra zen jaiotzez, baina 1976an Zumaiara etorri zen lau ume txikiekin, udalak haren gizonari enterradore lana eskaini ziola-eta. Alberdi eta haren familia San Jose kalean bizi izan ziren bost urtez, eta Foronda Kultur Etxean bizitzeko aukera izan zuten orduan. Foronda itxita zegoen, eta eraikineko guarda izatea proposatu zioten gizonari.

Foronda nahiz eraikinaren kanpoaldea txukuntzeko lanak izan zituen familiak, eta barruko obra oraindik hasteke zegoenean iritsi ziren lehenengo erabiltzaileak, Zumaiako Musika Banda eta Beti Gazte dantza taldeko haurrak. 1985ean, bestalde, erronka handi bati buru egin zion Alberdik, orduan egin baitzuten lehenbiziko Musika Jaialdia Forondan: "Lehenengo urteetan hamabost egunekoa izaten zen eta ikasle gehienak italiarrak izaten ziren. Oso egun bereziak izaten ziren. Alde batetik, urteko gogorrenak izaten ziren, baina baita pozgarrienak ere", kontatu zuen Eulalia Alberdik Baleike aldizkariko 2008ko otsaileko alean, Miriam Romatetek egin zion elkarrizketan.

Forondan obra egin ostean, bisitariak ugaritu eta finkatu egin ziren, liburutegia ere zabaldu zuten, eta ondorioz, urte osora zabaldu zen Alberdiren lana. "Nahiz eta udaleko langilea ez izan, gero eta ardura gehiago nituen. Zaintzailea, lorezaina, garbitzailea eta telefonista izatea tokatu zitzaidan", gogoratu zuen.

Eraikina txukun mantentzeaz gain, bisitariak artatzeaz ere arduratzen zen Alberdi, eta herritar askok berak kozinatutako jakiak eskaintzen gordeko dute akorduan; kroketak, patata tortilla eta buñueloak, besteak beste.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide