Dantzaren bueltan ekitaldi desberdinak egingo dituzte aurtengo maiatzean ere. Izan ere, Maiatza Dantzan egitasmoa egingo dute aurten ere herrian, eta datozen lau asteburuetan izango dira gorputza mugitzeko aitzakia anitzak.
Etzi, larunbatarekin, Astindu Eguna ospatuko dute. Zumaiako dantza elkarteko kideen eguna izango da, eta aurreko urteetan egin bezala, tailerra egingo dute goizean, dantza estiloren bat ikasteko, eta ondoren elkarteko bazkideen bazkaria izango dute.
Hurrengo larunbatean, berriz, maiatzaren 16an, Taosa Gaua izango da. Duela hamarkada batzuk Paolaldean, Juan Belmonte kalean zegoen diskotekara egingo da denboran bidaia, garai hartan entzuten ziren musika doinuekin dantza eginez. DJ Imanol arituko da musika jartzen, 23:00etatik aurrera, Kofradian.
Maiatzaren 23an egingo dute aurtengo ekitaldi nagusia, Karibe Konpartsa, alegia. Denbora daramate Astinduko lagunek egun horretarako ekitaldia prestatzen, entseguak eginez. Larunbat arratsaldean aterako da konpartsa herriko kaleetara.
Amaitzeko, maiatzaren 31n, igandea, eguerdiko 12:00etan, plaza dantzak egingo dituzte Ondartxo plazan.