Astindu Zumaiako dantza elkarteko kideek Astindu Eguna ospatu dute gaur, larunbatarekin. Dantza tailerra egin dute goizean, eta ondoren elkarteko bazkideen bazkaria izan dute.
Maiatza Dantzan egitasmoaren baitan antolatutako ekintzetan lehenengoa egin dute gaur, baina datozen hiru asteburuetan ere izango dira gorputza mugitzeko aitzakia anitzak.
Hurrengo larunbatean, maiatzaren 16an, Taosa Gaua izango da. Duela hamarkada batzuk Paolaldean, Juan Belmonte kalean zegoen diskotekara denboran bidaia egingo dute, garai hartan entzuten ziren musika doinuekin dantza eginez. DJ Imanol ariko da musika jartzen, 23:00etatik aurrera, Kofradian.
Maiatzaren 23an egingo dute aurtengo ekitaldi nagusia, Karibe Konpartsa, alegia. Denbora daramate Astinduko lagunek egun horretarako ekitaldia prestatzen, entseguak eginez. Larunbat arratsaldean aterako da konpartsa herriko kaleetara.
Amaitzeko, maiatzaren 31n, igandea, eguerdiko 12:00etan, plaza dantzak egingo dituzte Ondartxo plazan.