Itsasgorak eta ekaitzak sorpresaz harrapatu ditu Algorri inguruko labarretan zeuden berrogei bat lagun, eta ondorioz, handik ezin irtenda gelditu dira.
Gertatutakoaren berri izan dutenean, 15:30ak aldera, larrialdi zerbitzuek Ertzaintzaren helikoptero bat bidali dute erreskatera. Gurutze Gorriak motordun bi txaluparekin eta uretako motorrekin lagundu du operazioan eta, guztien artean, kirol portura eraman dituzte harrapatuta geratu diren pertsonak. Suhiltzaileek eta Guardia Zibilak ere parte hartu dute erreskate operazioan.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, ezustekoak ez du zauriturik eragin.