Atzo jokatu zituzten Gipuzkoako Trainerilla Txapelketak Mutrikuko uretan. Telmo Deunek hiru ontzi izan zituen lehian, eta emakume seniorrek lan bikaina egin zuten, hirugarren postua eskuratuz. Oriorentzat izan zen garaipena 15:20,41 denborarekin, eta San Juan izan zen bigarren, 15:23,89 denborarekin (Zumaiak 15:32,31 denboran osatu zuen estropada). Zumaiako kadete neskek ere hirugarren egin zuten, eta jubenil mutilek, laugarren.
Bezperan, larunbatean amaitu zen Gipuzkoako trainerilla liga, Hondarribian jokatutako seigarren jardunaldiarekin, eta sailkapen orokorrean hirugarren gelditu dira Zumaiako emakume seniorrak, San Juan B eta Orioren atzetik –bosgarren izan da Zumaia B–. Kadete nesketan Zumaia bosgarrena izan da sailkapen orokorrean, jubenil mutiletan laugarren, eta senior mutiletan bederatzigarren. Kopan, azkenik, senior mutiletan zortzigarren izan da Zumaia B.
Datorren asteburuan hitzordua Ondarroan (Bizkaia) izango dute arraunlariek, modalitate horretako Euskadiko Txapelketak jokatuko dituztelako. Espainiako Txapelketak ere orduan izango dira, Castron (Kantabria, Espainia).